MAR. 01 2015 PILOTA Gazteek ez dute pauso bat ere atzera egiten J.L. Gazteek itxura bikaina eman dute Buruz Burukoan, eta bide beretik abiatu dute Binakakoa, lehenengo norgehiagoka irabazita. Harmailetan ere nabaritu da euren presentzia, Arrangoitzeko trinketeko harmailak bete egin baitziren. Larraldek eta Bilbaok 40 eta 28 hartu zituzten mendean Laurent Lanbert eta Harizmendi, 61 minutuan pilotan aritu ostean. Bi gazteek, batez ere Larraldek, sekulako norgehiagoka egin zuten. Partidaren gakoa hasiera-hasieran egon zen, hamar kintzeko aldea lortu baitzuten, 10-0 aurretik jarrita. Zulo hori ezin izan zuten gainditu ondoren. Hasiera hori ez zen, gainera, kasualitatea izan, bi gazteak oso ongi hasi baitziren, huts bakar bat ere egin gabe; pilota ongi mugituz, aurkariri hutsak eginaraziz eta kintzea ederki finituz. Bestalde, Thierry Harizmendi partidan ongi sartu zen, sekulako neurketa egin zuen atzelari beteranoak ere, baina Lanbertek ez zion ongi lagundu, eta bi gazteei aurre egiteko derrigorrezkoa zen biak ongi aritzea. Larraldek eta Bilbaok hasierako hamar kintzeko abantailari ongi eutsi zioten, eta amaierara arte horrelaxe joan ziren, bukaeran hamabiko aldearekin garaipena lortu ahal izateko. Saketik bederatzi kintze egin zituen Larraldek eta bost, Lanbertek. Jokoan irabazleek 17 tanto egin zituzten eta 11, galtzaileek. Galdu, berriz, hurrenez hurren, 12 eta 14 galdu zituzten. 10-0, 14-4, 20-9, 25-12, 32-19, 34-25 eta 40-28 izan ziren partida honetako partzialak. Bigarren partida bihar jokatuko da, 17.30ean, Donibane Garaziko Garat trinketean. Bielle eta Ezkurra Etxeberriren eta Ducassouren aurka neurtuko dira. Bigarren Maila Intxauspe eta Saldunbehere ziren Bigarren Mailakoa irabazteko faboritoak, eta lehen jardunaldiaren ostean, aurreikuspen horiek indartu egin dira. 40 eta 20 irabazi zieten Goikoetxeari eta Palomesi, 66 minutuan pilotan aritu ostean. Partidak kontatzeko oso gutxi izan zuen, galtzaileek opari asko egin baitzituzten. Saketik ez zuten kintze bakar bat ere egin Goikoetxeak eta Palomesek, eta jokoan 21 pilota galdu zituzten. Horri, Intxauspek saketik lortutako zortzi kintze batu behar zaizkio. Horrek dena argi uzten du. 29 tanto oparituta oso zaila izaten da irabaztea. Markagailuak hau erakutsi zuen: 1-1, 1-1, 2-2, 12-3, 18-7, 22-10, 27-12, 32-14, 36-17 eta 40-20. Bihar, 16.00 etan Donibane Garazin, Agirre eta Lazkano Elgarten eta Bonebeltxen aurka neurtuko dira.