GAUR8
Gaur X urte

Isabel Allenderen 82. urtebetetzea da gaur

Isabel Allende Llona Peruko Liman jaio zen 1942an, gaurko egunez. Bizirik dagoen gaztelaniazko idazle irakurriena kontsideratzen da. 73 milioi ale saldu ditu orotara, eta 42 hizkuntzatara itzuli dituzte bere obrak. Txileko Literatur Sari Nazionala eskuratu zuen 2010ean, eta 2004tik Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademiako kidea da.

Isabel Allende Llona.
Isabel Allende Llona. (WIKIPEDIA)

Diplomatikoen alaba da Isabel Allende Llona. Aita Salvador Allende 1970 eta 1973 artean Txileko presidente izan zenaren lehengusu anaia zen. Liman sortu zen, aita Txileko enbaxadore zela. Euskal arbasoak ditu bi gurasoen aldetik.

Nazio Batuen Erakundean lan egin zuen 1959tik 1965era, nekazaritzaren eta elikaduraren arloan. Gero ‘Paula’ eta ‘Mampato’ aldizkarietan idatzi zuen. Ipuinak, artikuluak eta antzerki obrak sortu zituen.

Estatu kolpea gertatu zenean, Txile utzi eta Venezuelara erbesteratu zen senarrarekin eta seme-alabekin. Han idatzi zuen ‘La casa de los espiritus’ nobela, lehenbizikoa eta ezagunena. Bigarren eleberria, ‘De amor y de sombra’ ere hagitz arrakastatsua izan zen. Biak zinera eraman zituzten.

28 urte zituela Paula alaba hil egin zen, eta min horretatik idatzi zuen ‘Paula’ liburu autobiografikoa. Handik gutxira The Isabel Allende Foundation sortu zuen, alabaren omenez.

1988tik AEBetan bizi da eta ez dio idazteari utzi. Askotariko sariak lortu ditu, besteren artean Txileko Literatur Sari Nazionala eta Hans Christian Andersen Literatur Saria.

Bere estiloa aztertzerakoan pertsonaietan oinarritutako literatura egiten duela aipatzen da, forma desberdinak emanez. Lan autobiografikoak egin izan ditu, eleberri historikoak ere bai, kazetaritzaren eragina nabaria da askotan eta umorea ere bere obretan integraturik dago ia beti.