‘Agurea eta itsasoa’ euskaraz argitaratzeko baimena eman zuen Hemingwayk gaur dela 64 urte
1960ko abuztuaren 21ean Ernest Hemingwayk eta Anjel Goenagak hitzarmena sinatu zuten Donostiako Maria Cristina hotelean, ‘Agurea eta itsasoa’ euskaraz argitaratzeko egile eskubiderik ordaindu gabe.
Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren ‘The Old Man and the Sea’ eleberria ‘Life’ aldizkariak argitaratu zuen lehen aldiz 1952ko irailaren 1ean, eta zazpi egun geroago irailaren 8an plazaratu zuen liburuan Scribner's argitaletxeak. Anjel Goenagaren itzulpenez, "Agurea ta itxasoa" 1963an agertu zuen estreinakoz euskaraz Itxaropenak.
Hiru urte lehenago, 1960ko abuztuaren 21ean, Jose Artetxe Ernest Hemingwayrekin egon zen Donostiako Maria Cristina Hotelean. Bertan, euskal idazle zegamarrak ‘The Old Man and the Sea’ eleberria euskaraz argitaratzeko egile eskubideak doan emateko eskatu zion estatubatuarrari. «Nik ez daukat ezer euskaldunen kontra», erantzun zion Hemingwayk baiezkoa emanez. Bere abokatuaren kontaktua eman zion kontu legalak gestionatzeko.
Hiru urte geroago, 1963an, Anjel Goenagaren itzulpenez, ‘Agurea ta itxasoa’ argitaratu zuen estreinakoz euskaraz Itxaropena argitaletxeak Kuliska Sorta bilduman. Baina Hemingwayk ezin izan zuen euskarazko argitalpena ikusi, 1961eko uztailean hil baitzen.
1990ean Elkarrek bigarren euskarazko itzulpena argitaratu zuen, Joxemari Iturraldek egindakoa.
Eleberri hau Hemingwayren azken fikziozko lana izan zen, baita entzutetsuenetakoa ere. 1951ean idatzi zuen Kuban, eta 1953an Pulitzer Saria jaso zuen.