Gaur 92 urte jaio zen Xabier Arzallus
EAJren eta abertzaletasunaren azken hamarkadetako buruzagi esanguratsuenetakoa izan den Xabier Arzallus Azkoitian jaio zen 1932ko abuztuaren 24ean.
Xabier Arzalluz Antia Azkoitian jaio zen gaurko egunez 1932an. XX. mendearen azken hereneko Euskal Herriko politikari garrantzitsuenetako bat izan zen: 1968an afiliatu zen EAJn, eta 1977ko legegintzaldian Madrilgo diputatu hautatu zuten Gipuzkoan. 1979ko hauteskundeetan berriro hautatu zuten kargu horretan. 1980an izendatu zuten Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari, eta 2004ra arte egon zen karguan. 2019ko otsailaren 28an zendu zen. Ordurako aspaldi zuen erretiroa hartua, baina bere itzalak bizirik jarraitu zuen urte askoan.
EAJko presidente izan aurretik, frankismoaren azken urteetan eta Franco diktadorea hil ondorengo hilabeteetan parte hartu zuen Espainiako Gobernuko kideekin hainbat bileratan.
Karisma handiko buruzagia izan zen. Ika-mikak izan zituen bai Espainiako politikariekin eta bai ezker abertzalearekin, eta haren esanek behin baino gehiagotan harrotu zituzten hautsak han eta hemen.
Berak markatu zuen EAJren ibilbidea luzaroan eta alderdiaren garai kritikoenetako bat zuzendu zuen, EAren bereizketa.
Arzalluzek PSErekin adostutako Ajuriaeneko Ituna sinatu zuen, 1988an, EAJren izenean. Ituna normalizazioa eta bakea lortzeko urrats gisa aurkeztu zuten, eta ezker abertzalea politikoki zokoratzea ekarri zuen. PSErekin ez ezik, PPrekin ere egin zuen akordiorik. 1996an, Jose Maria Aznarrek irabazi zituen hauteskundeak Espainian. EAJk egonkortasuna eman zion PPren gobernuari.
2004an utzi zuen EAJko gidaritza, eta, 2005ean bere oroitzapenei buruzko liburua argitaratu zuen, ‘Así fue’ izenekoa. Hil baino hilabete batzuk lehenago bere ibilbide politikoari buruzko dokumentalaren estreinaldian parte hartu zuen.