Amaia Ereñaga
Gaur X urte

Karmele Larrinaga aktore eta abeslari bilbotarrak 60 urte bete ditu gaur

60 urte bete ditu gaur Karmele Larrinaga aktoreak. Komediarako erraztasun berezia du eta telebista eta zineman pertsonaia sekundario mamitsu eta indartsuak gorpuzteko dohaina du. Bokazio goiztiarrekoa, gure antzerkian eta ikus-entzunezkoetan aurpegi ezaguna bihurtu da.

Karmele Larrinaga.
Karmele Larrinaga. (Trauko management)

Karmele Larrinaga aktore eta kantari bilbotarra jaio zela 60 urte dira gaur. Bere curriculumean irakurri daitekeenez, «bokazio goiztiarrekoa» izan zen eta «antzerkia eta musika gustuko dituen familia batean hazi zen».

Bilbao Eszenan egin zituen ikasketak eta Nexo teatro konpainiarekin taularatu zituen lehen lanak.

Bere ibilbide oparoan zehar hainbat esparrutan aritu izan da. Telebistan lehen lana ‘Goenkale’-n egin zuen, 2021an. 21 denboralditan ETBk eskaini duen telesail mitikoan Axun pertsonaia polemikoa gorpuztu zuen. Harrezkero, hainbat telesailetan ere ikusi izan dugu; hala nola, ‘Go!azen’ eta ‘Eskamak kentzen’ lanetan.

Zineman Ana Murugarrenen ‘Tres mentiras’ eta ‘La higuera de los bastardos’ filmetan parte hartu du, baita Miguel Angel Jimenezen ‘Una ventana al mar’ lanean ere. Antzerkiari dagokionez, Pabellon 6 eta Arriaga antzokiko hainbat ekoizpenetan aritu da; besteak beste, ‘Obabakoak’ (2017-2018) eta ‘El sueño de una noche de verano’ (2016) antzezlanetan.

Azken aldian hainbat proiektutan ibili da buru-belarri. Horren lekuko, Amazon primen ikusgai dagoen Koldo Serraren ‘Reina roja’ (2022) thriller apartan eta aurten estreinatu diren ‘Detective Touré’ eta ‘Segunda muerte’ telesailetan ikusi ahal izan dugu. Horrez gain, Ibon Cormenzanaren ‘El bus de la vida’ film luzean ere aktore lanak egin berri ditu.