GAUR8

Abian da First Lego Leaguerako prestakuntza, ozeanoen esplorazioa erronkatzat harturik

Ozeanoen sekretuak izango dira First Lego League-k (FLL) edizio berrirako jarritako erronka. Gaiarekin lotutako prestakuntza saioak izango dituzte parte hartzen duten ikasleek zentro zientifiko-teknologiko ezberdinetan, adituen eskutik. EAEko 2.000 ikasle baino gehiago espero dute aurtengo erronkan.

First Lego League-ren (FLL) aurreko edizio bateko parte hartzaileak, irudian.
First Lego League-ren (FLL) aurreko edizio bateko parte hartzaileak, irudian. (FLL)

Abian jarri dute ‘First Lego League Euskadi’-ren (FLL) 16. edizioa. EAEko DBH eta Batxillerreko ikasleei zuzenduta, «ozeanoak ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzea» da erronka berria.

Mundu osoko 650.000 langileren parte hartzea izango du ekimenak, horietatik 2.000 baino gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

‘Submerged’ izena du erronka berriak. Horren arabera, martxan jarri dute hezkuntza-programa, Berrikuntzaren Euskal agentziak bultzatuta. Programaren baran, ikasleek sei bisita zientifiko-teknologiko egingo dituzte aurtengo ardatzaren inguruan.

Hortaz, abenduaren 17ra arte, ozeanografian izan diren aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte gazteek, baita ozeanoaren eta espazioaren artean dagoen erlazioa ezagutu ere. Gazteen artean, bokazio zientifiko-teknologikoak «modu dibertigarrian eta praktikoan» sustatzea da xedea.

Edizio honetan, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia arduratzen da antolakuntzaz, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean.

Ekimenean lankide dira, bestalde, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiak.

Aurreratu dutenez, AZTI, Vicinay Marine, Sener, Donostiako Aquariuma daude antolatutako bisita plangintzaren barruan. «Hala, zentro horietako adituen eskutik, ikasleek aukera izango dute ozeanoen esploraziorako teknikak ezagutzeko eta itsasoen biodibertsitatea zaintzeko egiten ari diren ahaleginen berri izateko».

Sukarrietako Txatxarramendi uhartera egingo dute lehen bisita. Bertan, ozeanografia operatiboko adituen laguntzarekin, «itsasoa nolakoa den, zer erronkari aurre egin behar diogun eta teknologia tradizionalen bidez (deriba-buiak) eta aurreratuagoen bidez (urpeko robotak) ozeanoko prozesuak nola neurtzen diren ikasiko dute».