GAUR8

Miren Agur Meaberen ipuinen trilogia argitaragabea erabiliko dute Bilbon irakurzaletasuna sustatzeko

Miren Agur Meabe idazlearen haurrentzako ipuinen trilogia argitaratuko du Bilboko Udaleko Hezkuntza sailak irakurzaletasuna sustatzeko. Guztira, 350 kopia banatuko dituzte ikastetxeetan eta liburutegietan.

Miren Agur Meabe idazlea, artxiboko irudian.
Miren Agur Meabe idazlea, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bilboko Udaleko Hezkuntza arloak Miren Agur Meabe idazlearen eta Paul Caballero ilustratzaile bilbotarraren haurrentzako ipuinen trilogia argitaratu du, hiriko ikastetxeetan eta liburutegietan banatuko duena.

Eider Bilbao Bilboko Udaleko Hezkuntza Saileko zinegotzi delegatuak adierazi duenez, «irakurzaletasuna bultzatu nahi dugu txiki-txikitatik, eta ikastetxeei eta udal liburutegiei baliabide materialak ematea aurrerapauso bat dela uste dugu». «Tresna baliotsuak garatzen jarraituko dugu Bilboko haurrek beren etorkizuna gara dezaten, haien hazkunde integrala bultzatuz eta Bilbo hezkuntzaren esparruan hiri berritzaile bihurtuz», iragarri du.

‘Kuttunen Kuttunak’, ‘Txin Txinboa’ eta ‘Zazpi Zapaburuak’ gazteenen artean irakurketa sustatzea dute helburu, baita haien irudimena eta fantasia elikatzea, haien nortasuna garatzen laguntzea eta «emozioen bidaian» laguntzea ere.

Hiru ipuinek eduki bisual handia dute, eta alderdi hori Paul Caballero ilustratzailearen eskutik landu da, Miren Agur Meaberen kontakizunetan oinarrituta. Ipuinak 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude. Guztira, Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak 350 kopia banatuko ditu datozen egunetan hiriko ikastetxeetan eta liburutegietan.