AUG. 06 2024 Gaur X urte Gaur 30 urte ospatu zen Euskal Encounter topagunearen lehen ekitaldia Euskal Encounter topagunea lehen aldiz duela 30 urte ospatu zen. Gero eta indar gehiago hartzen joan den ekitaldia izan da, aurtengoan 10.000 bisitari baino gehiago izan ditu, eta adimen artifiziala izan dute hizpide. Euscal Encounter BECen, 2024ko edizioan. (Oskar Matxin | FOKU) GAUR8 Euskal Amiga Party 1 izenez egin zen lehen aldiz 1994an Urretxun egun Euskal Encounter topagunea bezala ezagutzen dena. Orotara 25 ordenagailu eta 36 partaide elkartu ziren edizio hartan, pixkanaka-pixkanaka oihartzun handiagoa lortzen eta partaideak biderkatzen joan den ekimena da. 2016ko edizioan, 4.608 ordenagailu eta 7.600 partaide elkartu ziren Barakaldoko BECen. Aurtengo edizioan 10.000 bisitari izan zituen.Informatikako profesional eta zaleak elkartu ohi dira. 90.hamarkadaren amaieran Europa iparraldean, Norvegian, Danimarkan eta Alemanian sortutako fenomenoaren parte da. 1994az geroztik Euskal Herrian ere antolatu da, eta iberiar penintsulako lan party zaharrena eta ezagunetarikoena izateaz gain, Europako zaharrenetarikoa ere bada. Aurtengoa 32.edizioa izan da, eta ekimenaren antolatzaileek zehaztu dutenez, 4.096 ordenagailu egon ziren sarera konektatuta, 60 Gbpsko interen konexioarekin, BECeko 50.000 metro karratu baino gehiago erabiliz, lau egunez. Ezin ukatu aurtengo edizioan adimen artifiziala izan dela bereizgarri eta gako nagusia. Izan ere, hitzaldi zein tailerretan presentzia berezia izan du, eta adimen artifizialari estuki loturiko froga berriak ere izan dira. Hartutako erabakiaren arabera, hurrengo edizioetan jarduera guztietan talentua indartzeko beste tresna bat izango da, antolatzaileek aurreratu dutenez.