SEP. 10 2024 Gaur X urte Gaurko egunez eraman zuten ‘Guernica margolana’ New Yorketik Madrilera 1981eko irailaren 10ean eraman zuten ‘Guernica’ margolana Madrilera. Gaur egun Reina Sofia museoan dago, Euskal Herritik Gernikara ekartzeko eskatu badute ere Lakuako Gobernuak zein Gernika Batzordeak. Picassoren ‘Guernica’ lana. (WIKIMEDIA) GAUR8 ‘Guernica’ Parisen margotu zuen Pablo Picassok 1937an, Espainiako Bigarren Errepublikako Gobernuaren enkarguz. Baina, frankistek 36ko gerra irabazi eta diktadura militarra ezarri zutela eta, Picassok New Yorkeko MOMA museoaren esku utzi zuen koadroa, espainiar Estatuan errepublika noiz berrezartzeko zain. Errepublika ezarri gabe eraman zuten, ordea, Madrilera, gaurko egun batez 1981ean. 1939eko maiatzaren 1ean, New Yorkeko portura heldu zen ‘Guernica’, eta hurrengo urteetan Estatu Batuetako hiri nagusietan erakusketak eskaini ziren artelana protagonista zela: Los Angeles, Chicago, Boston, San Francisco, New Orleans… Ondoren, New Yorkeko arte modernoko MOMA museoan utzi zuten depositoan, baina handik ere atera zuten bidaia luzeetarako: 1953an Milaneraino eraman zuten; urte berean Sao Paulora; 1955ean Parisera eta Alemanian zehar Munich, Kolonia eta Hanburgoraino; 1956an Brusela, Amsterdam eta Stockholm bisitatu zituen. Bidaia horien guztien ondoren, berriro ere New Yorkeko MOMAn utzi zuten, harik eta 1973 urtean Picasso hil zenean espainiar Estatua koadroa bereganatzeko maniobretan hasi zen arte. Picassok adierazi zuen ‘Guernica’ espainiar Estatura eramango zutela berriz ere errepublika bihurtzen zenean. Hala ere, 1981ean Espainiara iritsi zen. Madrilgo Retiro parkean egon zen 1981etik, Casón del Buen Retiro aretoan, eta 1992tik Madrilgo Sofia Erregina Museoan dago ikusgai. Lakuako Gobernuak behin baino gehiagotan eskatu du margolana Euskal Herrira ekartzea, eta Guggenheim Bilbao Museora eramatea proposatu du, baina espainiar Gobernuak ez du orain arte horretarako baimenik eman. 2017an, Gasteizko Legebiltzarrak gehiengoz onartu zuen ‘Guernica’ Gernikara eramateko eskaera, edo bestela, Bilboko museo batera. Lehenago ere, 2010ean, toki-aldatzearen baldintzak aztertzeko eskatu zion espainiar Gobernuari Gasteizko Parlamentuak. Gernika herrian bertan, 1975ean Gernika Batzordea sortu zenetik, haren aldarrikapenetako bat margolana herrira ekartzea izan da. 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena hurbiltzen ari zela, aldarrikapen-ekintza antolatu zuen batzordeak Madrilen. Margolana Madrilgo Casón del Buen Retiro aretoan zegoen, eta ekintzaile batzuk kateatu egin ziren, bai aretoaren kanpoan eta bai barruan, «‘Guernica’ Gernikara» zioten letra bana erakutsiz.