NOV. 13 2024 Haurren artean 1 motako diabetesaren baheketak nabarmen murriztu ditzake konplikazioak Diabetesaren Nazioarteko Egunaren atarian, Osakidetzak Gurutzetako Ospitalean azken hamarkadetan burutzen ari diren ikerketa nabarmendu du, batez ere haurren artean 1 motako diabetesa goiz detektatzeko estrategia protokolizatuak eta jarraipenak dituzten onurak. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hiru hamarkadaz parte hartu du 1 motako diabetesa duten pazienteen lehen mailako senideen artean gaitza goiz detektatzeko azterketa batean. Ikerketak ondorioztatu du haurren artean 1 motako diabetesa goiz detektatzeko estrategiak abiatzeak nabarmen murriztu dezakeela zetoazidosi diabetikoa. Konplikazio larri horrek kasuen %30-50i eragiten die debut klinikoan, eta arrisku larria dakar. Azaldu dutenez, jarraipen protokolizatuari esker estrategia horrek ospitaleratzeak gutxitu, diabetesa duen bizitzarako trantsizioa erraztu, inpaktu fisikoa eta psikologikoa murriztu, eta gaixotasunaren progresioaren kontrola erraztu dezake. Osakidetzak 1 motako diabetesa (DT1) duten 640 haur inguru artatzen ditu, pankrean intsulina ez sortzeak eragindako gaixotasuna. Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin batera, Estatuko beste bost erietxek parte hartu dute azterketa honetan, non 3.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu duten 30 urtez. Fase goiztiarrean identifikatzea Azaroaren 14an ospatzen den Diabetesaren Nazioarteko Egunaren atarian, gogoratu dute 1 motako diabetesa gaixotasun autoimmunea dela, agerpen klinikoa baino hilabete batzuk lehenago edo urte batzuk lehenago garatzen hasten dena. Hala ere, patologia goiz detekta daiteke. Hatzean ziztada bat egin eta gaixotasuna fase goiztiarretan identifikatzea ahalbidetzen duen analisia egiten da, eta tratamendu goiztiarragoa aplika daiteke, pronostiko hobea eta bizi-kalitate hobea eskainiz. Osasun Saila 1 motako diabetesa goiz detektatzeko programaren eraginkortasunaren ebaluazioa egiten ari da, programa horren inpaktua zein izango litzatekeen ezagutu dadin. Diabetesa gaixotasun kronikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 162.000 herritarri baino gehiagori eragiten die; horietatik %55 gizonezkoak dira, eta %45 emakumezkoak. Osakidetzak identifikatutako 162.601 paziente diabetesdunetatik, kasuen %89k 2 motako diabetesa dute (144.348 pertsona), eta batez ere adinekoak dira. Diabetes hori dietarekin eta ariketarekin kontrola daiteke. Euskal Osasun Zerbitzuak beste diabetes mota batzuk ere baditu bere radarrean. Horien artean, 1 motako diabetesa nabarmentzen da (9.155 pertsona). Paziente horiek intsulina behar dute, pankreak ez baitu intsulina sortzen. Herrialdeen arabera aztertuz gero, Araban diabetesa duten 22.046 pertsona daude, Bizkaian 86.302 eta Gipuzkoan 53.942; bestalde, 271 pertsona beste jatorri batzuetakoak dira. Diabetesaren Nazioarte Egunaren bezperan, Osasun Sailak eta Osakidetzak odolean den azukre maila etengabe kontrolatzearen garrantzia nabarmendu dute, konplikazioak saihestu daitezen.