NOV. 21 2024 Adostasun-maila oso txikia dago munduko nutrizio-etiketen artean, EHUren ikerketa baten arabera Munduko zazpi nutrizio-etiketatze sistema aztertu duen UPV/EHUren ikerlan batek oso adostasun-maila txikia dutela nabarmendu du eta plateren elikagai-kalitatea ebaluatzeko sistema berri bat garatzearen beharra planteatu du. Nutrizio-etiketatze sistema ezberdinak aztertu dituzte. (UPV/EHU) GAUR8 UPV/EHUko Erizaintza eta Osasunaren Sustapena ikerketa taldeak burutu du ikerketa, Europako, Ozeaniako eta Hego Amerikako zazpi nutrizio-etiketatze sistemak aztertuz. Ondorioztatu dute «ia ezertan» ez datozela bat eta horren aurrean, sistema berri bat garatzearen beharra planteatu dute «plateren elikagai-kalitatea ebaluatzeko». Elikadura-ohituren inguruko kezka handiagoari erantzunez, mundu osoan gobernuek nutrizio-etiketatze sistemak ezarri dituzte produktu osasungarriak aukeratzen laguntzeko. Hala ere, ikusita gero eta gehiago jaten dugula, UPV/EHUko ikertzaileek urrats bat egitea proposatu dute, jatetxeek ere kartetan platerak osasungarriak diren ala ez jakiteko informazioa eman dezaten. «Errezetek alergenoak dituzten edo beganoentzat egoki diren markatzen duten bezala, ondo legoke, gure ustez, adieraztea osasungarriak diren ala ez», azaldu du Leyre Gravinak. Produktu prozesatuak ebaluatzeko maila globalean erabiltzen diren nutrizio-etiketen sistemaren bat plater kozinatuak ebaluatzeko baliagarria izan zitekeen aztertu dute. Prozesu horretan ikusi dute oso koherentzia txikia dagoela aztertutako metodoen artean. Lanaren egileek azaldu dute nutrizio-etiketen arteko bat-etortze txiki horrek adierazten duela estrategia konplexuagoak garatu behar direla plater prestatuen elikadura-kalitatea ebaluatzeko. Osasungarria zer den definitzeko orduan adostasun ezaren aurrean, Gravinak proposatzen du testuinguru geografikora egokitzen den metodo bat sortzea: «oraingoz ez dirudi sistema unibertsal bat eraginkorra izan daitekeenik. Hasteko, komeniko litzateke leku bakoitzeko elikagaiak eta herrialde edo eskualde bakoitzeko sukaldaritza eta errealitate soziokulturala kontuan hartuko dituzten etiketatze-tresnekin hastea».