NOV. 22 2024 Gaur X urte Gaur bi urte hil zen Pablo Milanes kantautore kubatarra Nork ez ditu noizbait ‘Yolanda’ edo ‘Yo no te pido’ abestiak kantatu? Klasiko herrikoiak bihurtu diren kanta hauen egilea, Pablo Milanes kantautore kubatarra, gaur bezalako egun batean hil zen, duela bi urte. Kubatik urruti zendu zen, Madrilen, minbiziak jota. Pablo Milanes 2015ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. (Gorka RUBIO | FOKU) Amaia Ereñaga Pablo Milanes (Bayamo, Kuba, 1943 - Madril, 2022) kantautore kubatar handia minbiziak jota zendu zen, 79 urterekin, gaur bezalako egun batean. Hain zuzen, abeslaria Madrilen bizi zen 2017az geroztik, eritasunaren kontrako tratamendua jasotzeko. Azken hiru hilabeteetan okerrera egin zuen haren osasunak, eta, ondorioz, bertan behera utzi zituen lotuta zituen hainbat kontzertu; tartean, zendu baino egun gutxi lehenago hitzartuta zuen Iruñeko Baluartekoa. Musika kubatarraren ahots handi eta ezagunenetakoa, Troba Berria soinuaren sortzailea izan zen Silvio Rodriguez eta Noel Nicolarekin batera. ‘Yolanda’, ‘Yo no te pido’ edo ‘Amame como soy’ abesti ezagunak idatzi zituen, besteak beste. Denera, 40 albumek osatzen dute haren diskografia. Hainbat sari jaso zituen, hala nola Kubako Musikaren Sari Nazionala edota Bikaintasun Musikalaren Grammy Latinoa. Pablo Milanes oso maitea da Kuban eta Kubatik kanpo, eta ez da bakarrik bere sentsibilitate handia, bere konposizio landuak eta trobadore zahar eta berrien arteko lotura izan zelako. Estimatua eta maitatua izan zen Iraultzari kantatzeko duen moduagatik, egunero eta han-hemenka eraikitzen ari diren iraultza txikiei: maitasunari, xamurtasunari, bizitzeko eta maitatzeko pozari. Euskal Herriarekin ‘maitasun’ lotura edo antzeko bat izan zuen. Garai batean ohikoa zen galdetzea: zu Silvio Rodriguezena zara edo Pablorena? Kepa Junkera eta Jon Maiarekin grabatu zuen. Hemen ‘Nostalgia’ kantatzen entzun dezakegu Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ lanean.