NOV. 22 2024 ‘Graffesta’ ekimena hartuko du Laudiok azaroaren 30ean, Kaleko Hezkuntza Programak antolatuta ‘Graffesta’ hartuko du Laudiok azaroaren 30ean. Udaleko Kaleko Hezkuntza Programako gazte talde batek KulturLab-ekin lankidetzan antolatutako ekimena da, arlo soziokomunitarioarekin lotuta eta kultur eskaintza alternatiboa plazaratuz. Grafitiarekin lotutako best ekimen bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Laudioko Udaleko Kaleko Hezkuntza Programako gazte taldeak, KulturLab-ekin lankidetzan, ‘Graffesta’ ekimena antolatu du azaroaren 30erako. Programazioa goizeko 10.30ean abiatuko da, aurkezpena eta lekuen zozketa eginez; eta 11.00etan hasiko dira margotzen. «Gazteei zuzendutako ekintza soziokomunitario baten barruan, banakako zein taldeko grafitiak margotzeko espazio eta une bat ahalbidetzeko» hitzordua izango da ‘Graffesta’. Aitor Fernandez de Pinedo Gazteria zinegotziak adierazi duenez, «proiektua Laudioko gazteen proposamen batetik sortu da, Udaleko kale hezitzaileek gazteekin bultzatutako eztabaiden ondorioz». Iluntzera arte jarduerak Ekimena iluntzera arte luzatuko da, eta udalerriko gazteei zuzenduta dago bereziki. Gazteek grafitiak margotu ahal izango dituzte beste tokiko eragile batzuekin elkarlanean, «komunitatearekin loturak ezartzeko eta herriari kultur eskaintza alternatiboa eskaintzeko». Udal iturriek azaldu dutenez, «hiriko artearen aitzakian, hainbat ekintza garatuko dira gazteen eta komunitatearen arteko topagunea sortzeko». Muralen pinturaz gain, bazkari herrikoia egingo da 14.00etan, toka txapelketa (19.00etan) eta kontzertuak 20.30etik aurrera, Lupu Beltza eta DJ Trujoren eskutik. Azpimarratu dute horma pinturan adituak diren gazteak eta lehenengo esperientzia izan nahi dutenak daudela deituta.