Mikel Zubimendi
analisia

«Bonobo way of life»

Sexuaz, bakeaz eta bizitzaren hainbat kontuz asko dugu ikasteko bonoboen jokabideak aztertuz gero. Amodioaz, elkarkidetzaz, errukiaz, moralitateaz eta ideologiaz begirada berri bat eskaintzen digute gure «lehengusu hippy» maitagarriek.

Zure baitan bizi den bonoboaz ba al dakizu zerbait? Edo, hasteko, agian hobe, ba al duzu “bonobo” hitzaren berri? “Banana” hitza ezagutzen duzun bezala, “bonobo” izena zergatik ez duzu hain ezagun? Txinpantzea ahaide hurkoena dugu, baina zergatik ez da berdina pentsatzen bonoboez, biak lehengusuak eta gertutasun berekoak ditugunean?

Hainbat inkestek adierazi dutenez, gizakien %75ek bonoboen inguruan ideiarik ez duten arren, gauzak apurka-apurka aldatzen ari dira eta “bonobo” hitza giza diskurtsoaren hainbat arlotan ezagun egiten hasi da. Hor ditugu, adibidez, Bonobo musika elektronikoko artista britainiarra, Belgikako Brujas hiriko Bonobo hotela, Bonobo markako ordenagailuak, Michigango Bonobo ardotegia... Zure sexu bizitzako hobetzeko beharrean bazabiltza Bonoboville komuna hippy ezaguna hor duzu edo sexu terapietan erabiltzen den “Bonobo Sutra”... Bill Clinton edo Barack Obamak ere aipatu izan dute bonobo handshake edo bostekoa... Bai, zalantzarik ez dago, bonobo konexioa gorpuzten ari da, eta primatologoen, komuna hippyen edota mugimendu ekosexualen haragoko interesa pizten du.

Hamarkada luzez, psikologia ebolutiboak, Hollywoodeko zinemak eta lobby gerrazaleek «tximino hiltzailearen paradigma» planteatu izan digute. Ar dominanteek gidatzen dituzten txinpantze edo babuinoak adibide, gizakien arteko biolentzia eta horroreak dramatizatu, lagundu edo finantzatu dituzte. Berezkoak ditugula esan digute, arbasoengatik jasoak, gure genetikaren ortografiak determinatuta, arren dominazioa eta hiltzeko tirantza naturala.

Txinpantzeak oso oldarkor eta biolentoak direnez, gu –eta gure arbasoak– oldarkorrak eta biolentoak gara, funtsean, tximino hiltzaileen enbor berekoak garelako. Horregatik du gizateriak bere aurpegi asasino eta militarista. Halakoak gara eta izango gara. Hori da historia, oraindik ere hainbatentzat aldatu ez dena. Bonoboak, aldiz, apasionatuak eta errukiorrak dira. Iraganean “txinpantze pigmeoak” izena ematen zitzaien, tamainan bi espezien arteko ezberdintasun handiegirik ez egon arren, eta deskubritutako «azken tximinoak» dira. Gizakiongandik txinpantzeak bezain hurbileko diren arren, erabat ezberdina den tximino handien paradigma planteatzen dute.

Duela sei milioi urte arbaso komuna partekatu genuen eta tximinoen ordenaren enborreko hiru adar ahaidetuenak gara. DNAren %98’7 konpartitzen dugu elkarrekin, eta, bai, txinpantze eta bonoboak gugandik oso gertu daude.

Zer dakigu, baina, bonoboen inguruan? Eta guk ez dakigun zer dakite tximino handi hauek sexuaz, bakeaz, maitasunaz eta bizitzaren beste kontuez? Orduan, zer gara gu gizakiok? Txinpantze (Pan Troglodytes) ala bonobo (Pan Paniscus)?

Erantzuna aldatzen ari da. Tximino bipolarrak gara, bietarik poxi bat hartuta txinpantze eta bonoboen arteko espektroaren erdigunekoak, edo hor nonbaitekoak. Bi muturretatik hoberena eta okerrena hartzeko gaitasuna dugu. Bonoboek, baina, erakusten digute eboluzioaren logikak ez duela zertan izan behar indartsuenaren legea eta ahulen eliminazioa. Bonoboen “sekretuek” bizitza ereduak aldatzeko eta eredu berriak asmatzeko pistak eskaintzen dizkigute. Bizirik gai direnek irauten dutela bada bizilegea, bonoboek honela itzultzen dute irakasgai garrantzitsu hori: gatazkak konpontzeko eta irabazpide konpartituak eskuratzeko gaitasun handiena duena biziko da. Horrela, darwinismo sozialari zaplazteko latz bat ematen dioten bonoboek.

Sexua, tresna soziala

&zeroWidthSpace;Gizakiok eta bonoboek antzekotasun ugari ditugu, baina baita ezberdintasun argiak ere. Txinpantzeekin ere itxuraz oso antzekoak dira bonoboak, baina jokabidean oso ezberdinak. Txinpantzeak dezente biolentoak dira; arrek aliantzak osatzen dituzte eta beste taldeekin lurraldearen kontrola bereganatzeko gerra latzak izaten dituzte –30 txinpantzeko talde oso bat hiltzerainoko borroka dokumentatuta dago, segur aski animalien historian dokumentatu den «gizakien itxurako gerra» bakanetarikoa izango dena–. Txinpantzeengan hurkoa hiltzea edo infantizidioa dokumentatuta daude. Bonoboen artean, aldiz, sekula.

Txinpantzeak territorialak dira (eta hari beretik tiraka, gu ere hala garela pentsatzen zen), “tximino asasinoak” alegia. Baina Takashoki Kano primatologo japoniarraren taldeak bonoboak elkarren artean nahasten zirela deskubritu zuenean –eta ez bakarrik nahastu, elkarrekin sexu harremanak izaten zituztela eta kumeak elkarrekin jolasten zirela eta gerora elkarren «nobio edo nobia» egiten zirela ere egiaztatu zuen–, nolabaiteko shock bat izan zen. Ordura arteko gizakiaren jatorriaren eta gure arbasoen inguruko imajinario osoa hankaz gora jarri zuen aurkikuntzak.

Europan –Gibraltarren salbu– eta Ameriketako Estatu Batuetan tximinoak ez daudenez, gizaldietan zehar tximinoekiko gure loturak desitxuratzen joan dira. Agian horregatik suposatu zuen halako kolpea Darwinen teoriak. Tximinoen ikerketak zulo hori betetzen lagundu zuen. Hausnartzekoa da txinpantzeak izan beharrean, ikertu ziren lehen tximinoak bonoboak izan balira zer gertatuko litzatekeen. Jendeak bere baitako bonoboa askatuko balu zer gertatuko litzatekeen ala nola aldatuko litzatekeen gerrek zanpatutako gure mundu hau. Izan ere, gure lehengusuak bakezaleak eta matriarkalak direla, sexua interakzio sozialerako erabiltzen dutela bonoboek lehendabizi jakin izan bagenu, hori guztia naturaltzat joko genuke eta gure jatorriaren inguruko teoria oso ezberdinak izango genituzkeen.

Baina, esan bezala, primatologoek aurkitu zuten azken tximinoa izan zen bonoboa. Denboran geroago aurkitu bazen ere, txinpantze eta bonoboak banatu zituen Kongo ibaiak eragindako espeziazioa orduan ulertu zen. Eta gure lehengusuon ispiluan begiratuta, ikusi zen biologikoki ez garela espezie oldarkor purua, «indartsuenak aurrera egitea eta ahulena desagertzea» ez dela gure bizilege naturala.

Zer gertatuko litzateke bonoboak gure eboluzioa ulertzeko ispilutzat hartu izan bagenitu? Agian, «animaliak biolentoak dira, eta, beraz, gerrarekiko tirantza eta emakumeen dominazioa sortze berekoak dira guretzat» hipotesia legitimatzeko aukeratu ziren txinpantzeak? Aukeraketa horretan ba al daude arrazoi politiko eta ekonomikoak? Kapitalismoaren aldekoek ez al dute txinpantzeengan beren logika –indartsuenaren legea eta ahularen eliminazioa– justifikatzeko aitzakia perfektua? Indarrean zen pentsamenduarekin bat ez zetorren aurkikuntza izan zen bonoboena, eta, horrelako kasuetan ohikoa denez, irakaspenak leihotik behera bota eta alboratu egin ziren.

Denborak, baina, arrazoia eman die Takayoshi Kanoren aurkikuntzei. Bonoboak ez dira biolentoak. Emeek txinpantzeek baino harmen sexual luzeagoa dute denboran eta arrak ez dira emeengatik borrokatzen. Gizakiek bezala, bestalde, sexua helburu askotarako erabiltzen dute bonoboek eta beren aktibitate sexuala oso imajinatiboa, erotikoa eta kreatiboa da. Erreprodukzio hutsera bideratutako ideologia sexualek ez bezala, plazeraz, maitasunaz edo atxikimenduaz asko dute erakusteko. Klimax orgasmikoa ez dute helburu, eta sexuaren funtzioa ez da soilik desira asetzearena. Plazera lortzeko, ugalketarako, bakeak egiteko, desiratutako janaria lortzeko, maitasun keinu gisa... modu askotan darabilte sexua. Postura ugaritan eta elkar estimulatzeko praktika kontaezinetan gainera.

Bakea maite dute bonoboek, bakezale amorratuak dira. Bonobo dominantea ez da sekula ar bat izaten, tamainaz emeak baino askoz ere txikiagoak direlako besteak beste. Arrak biolento bilakatzen badira, elkarrekin indarrak batu eta inori min ez ematera behartzen dituzte emeek. Eboluzioaren katean, beste tximino ahaideekin (gizakia barne) alderatuz gero, askoz agresibitate gutxiago garatu dute bonoboek.

Gizakiok pentsatu ohi dugu gu garela animalia inteligenteenak. Edo beste modu batera esanda, gure lehengusu tximinoek gu hain paregabe egiten gaituen “hori” falta dutela. Zer da, baina, “hori”? Ez ote dauka gure baitakoa den eta hainbeste baloratzen dugun moralitate humanoak tximinoen jokaerarekin konexiorik? Egia da arrakastatsuak izan garela oso, teknologia ikaragarria dugula, eta abar. Baina bada gainditzen jakin ez dugun arazo bat: ezin izan dugu irudikatu hilketak, gerrak eta sarraskiak gainditzeko bide bat. Eta aspektu horretan, gure lehengusu txinpantzeen antzera gabiltza; pentsa, gizakiok arma modernoak eskuratu baino lehenagoko, hilketa tasa oso antzekoetan geunden. Bada, bonoboa da tximino handien artean oraingoz behintzat hurkoa hiltzen ikusi ez den bakarra. Eta gai izango bagina hori lortzeko, bonoboen sekretua asmatzeko, espezie bezala gure lorpen handiena eskuratzeko gai ginateke, hots, mundu mailako bakea.

Are, bonoboak nolabaiteko “denboraren makinak” ere badira guretzat. Denboran atzera bidaiatu eta gure garapena eta gizakiaren burmuinari forma eman zion jatorrizko ingurugiroa aztertzeko oso baliagarriak ditugu. Bai, milioika urte atzera joanda enbor berekoak ditugun espeziek bizirik irautea oso inportantea da, izan ginenaz eta garenaz, gure natura humanoaz hausnartzeko aukera paregabea ematen digute-eta. Eta horregatik bakarrik bada ere, gure lehengusuok zaintzea eta salbatzea serio hartu beharreko eginbeharra da. Besteak beste, ahalegin hori itzuliko digutelako eta guhaur salbatzen lagunduko gaituztelako.

Bakegintzarako bonoboek darabilten bitartekoak aztertuta, beren fisiologia, biokimika eta psikologia biolentzia ekiditeko zergatik dauden prestatuak asmatuz gero, gizateriak aurrera egiteko gako batzuk eskuratu ahal izango lituzke.

Gatazkak ekiditen maisuak ditugu. Bonoboen santutegietan ikertzaileek aurkitu ahal izan dutenaren arabera, gatazka sor dezakeen egoera potentzial baten aurrean –adibidez, janariaren gaineko konpetizioa– txinpantzeek testosterona igoera bat duten legez (lehiakortasunari lotuta dagoena), bonoboek kortisol igoera izaten dute (estresari lotuta dagoena). Eta estres erantzun horrek bultzatzen du bonoboa lasaitasun soziala bilatzera, borrokatzera baino, elkar besarkatzera.

Bonoboak, gainera, samariar onak dira, segur asko gizakiak baino hobeak. Guk gure ahaideak eta ezagunak –eta ez hainbeste ezezagunak– laguntzeko tirantza naturala dugun bezala, bonoboek konpartitzea maite dute, familia eta lagunekin enpatia dute, baina, aukeran, ezezagunekin janaria konpartitzea nahiago dute.

Gatazkak desaktibatzeko modu nagusia, berriz, sexua da, edo, hobe esanda, kontaktu sexual soziala darabilte. Eta taldean norbait, izan ar ala eme, estresatuta, antsietateak jota edo haserre sentitzen bada, beste bonobo bat hurbilduko zaio eta “bonoboen bostekoa” luzatuko dio. Badirudi gatazkak konpontzeko modu hori dagoela beren gizarte baketsuaren oinarrian.

Bonoboak gero eta gehiago ezagututa, baina, esanahiz beteriko filosofia ederra aletu daiteke. Espezie bezala bizi dugun eboluzioaren garai honetarako, maitasunaren praktika jasangarriago eta fluidoagoen paradigma berrien behar gorrian gauden honetan, nahi dutenentzat, irakasgai erabilgarria da.

Ikerketa zientifiko ezberdinek erakutsi dutenez, naturaren katean bisexualitatea eta poliamodioa lotzen dituen katebegi galdua dira bonoboak. Beraientzat, biren arteko amodioa generoetatik harago doa, eta, poliamodioa, zenbakietatik harago: genero, zenbaki, adin, orientazio, jatorri eta erreinu biologikoak gainditzen dituen atmosfera ekosexual berri bat eraikitzeraino. Eta hala, bonoboek erakusten digute geneen jarraipena ziurtatzetik harago, natura bete-betea dagoela era guztietako maitasun eta sexu adierazpenez. Interesgarria da, adibidez, gizakiokin batera planetan aurrez aurreko eta begiz begiko sexua –misiolariaren posturan alegia– praktikatzen duen animalia bakarretakoa bonoboa izatea. Ez da, hala ere, esajeratu behar. Beren aktibitate sexuala kasuala eta erlaxatua izan ohi da, bizitza sozialaren eta taldearen kohesioaren parte naturala. Kopulazioaren batez besteko oso azkarra ere badute, 13-15 segundo artean irauten du.

Sexu anitza

Bada gehiagorik. Gizakiontzat perbertsoak ziren praktika batzuk natural-naturalak dira gure lehengusu bonoboentzat. Beren balentria erotikoak arren artean, emeen artean, askoren artean, belaunaldi ezberdinen artean ematen dira; aukeran, gainera, sexu anala dute gustuko, eta, hori guztia, jendaurrean egitearen plazer gehituarekin. Gizakietan praktika horiek antinaturaltzat jotzen dituztenentzat irakaspen interesgarria. Bestalde, Darwinen eboluzioaren kontzeptua bera –konpetizioa da motorra, indartsua bizi eta ahula desagertu egiten da–, kapitalismoa zientzia bihurtzeko hainbestetan erabilitako kontzeptua, bonoboei begiratuta ez da horren sendoa. Eta zer esan gu gizakioz? Eboluzioaren tontorra ote gara, “Jainkoaren irudira” egindako espeziea? Edo tximinoen beste espezie bat baino ez gara, gure aurreiritzi eta harropuzkeriek barnean daramagun maitalea bera antzutzera eraman duten espeziea?

Bonoboek musu emanez agurtzen dute elkar –french kiss delakoa ez da frantsesen aurkikuntza, ez horixe!–, aurrez aurre, begiz begi egiten dute sarritan txortan, elkar zaintzen dute eta elkar garbituz dibertitzen dira. Elkarrekiko laguntasunean oinarritutako sare sozialak eraikitzen dituzte sexu eta amodio jokabide eta jarreren bitartez.

Erromantikoa? Deleuze filosofo frantsesak «animalia bilakatzea» aldaketa prozesu baten ezinbesteko osagaia dela defendatu zuenean bonoboak gogoan izan zituen ez dago esaterik, baina antzeman daiteke hari beretik tiraka zebilela. Jakina, hemen ez da bonoboen imitazioa defendatzen, haien jokabide batzuk ez daukatelako gizakien kulturara itzulpenik.

Bai, bonoboen inguruko ezagutzak eragin handia du bai gugan bai gizartearengan. Ikertu dituztenak liluratuta geratzen dira, eta, hein batean, lilura hori kontziente ala inkontzienteki beren harreman sozialetan sexuak nola funtzionatzen duen ezagutzetik dator. Gainera, zientzialariek zituzten hainbat ideia hankaz gora jartzen dituzte. Adibidez, zeinek esan dezake orain, garai batean borobil baieztatzen zen legez, emeen orgasmoa soilik jokabide humanoa dela? Nolakoa litzateke gure gizartea kooperazioaren eta plazeraren bitartez gatazkak konpontzeko bonoboek duten jokabidea nagusituko balitz? Gizakiok antzeko zerbait egiten ikasiko bagenu nola aldatuko litzateke gure mundua?

Norbere bonoboa

Amaitzeko, laburbilduz, bonoboen inguruan ikasi ditugun jokabide batzuk bilduko ditugu. Sexua asko praktikatzen dute. Ez dute elkar hiltzen. Emeak ahalduntzen dituzte. Denbora luzeagoan gazte mantentzen dira. “Plazeraren bidezko bakean” bizi dira. Genetikoki %98,7 batean gu bezalakoak dira. Elizak eta kuartelak eraikitzen ez badakite ere, gerra eta hilketak prebenitzeko sexua nola erabili oso ongi dakite. Hori guztia nola egiten dute baina? Eta gu gizakiok, gure modura, ba al dugu halakorik egiteko ahalmenik? Oraindik ere, tximino inteligenteenak garela pentsatzen al dugu?

Ironia tragikoa ere badugu. Gure “lehengusu hippy” maitagarrion sekretuez gero eta gehiago ikasten ari garen honetan, gero eta gertuago gaude bonoboak galtzetik: 10.000 baino ez dira naturan libre bizi eta beste ehunka batzuk zoologikoetan. Bonoboak behin betiko galtzetik gertu gaude, beraz. Eta haiekin batera, gurea den izatearen zati bat ere bai.