GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Erasotzaileak atzerritarrak direlako

Siriako gerraz geroztik, Alemaniak errefuxiatu uholdeak jaso ditu. Herritarren zati bat «ongi etorri kultura» zabaltzen saiatu bada ere, parean topatu ditu Pegida moduko mugimendu arrazistak. Gabon zahar gauean Kolonian gertatutako sexu erasoen ondorioz berriz jarri da lupa migratzaileen gainean. Zein intentziorekin?


Gabon zahar eguneko ospakizunetan, gauerdiaren bueltan, jendetzak Koloniako plaza (Alemania) hartu zuenean, zenbait emakumek sexu erasoak salatu zituen eta Poliziak erasoak errefuxiatu musulmanei leporatu zizkien. Gertatutakoari heltzeko bi joera nagusitu dira Alemanian: alde batetik, errefuxiatuek Alemaniako emakumeei eraso egiten dietela dioen ustea, eta, bestetik, emakumeen aurkako indarkeria errefuxiatuak kanporatzeko erabiltzen ari direla salatu duen mugimendu feminista.

Hedabideek Alemaniako gainerako hiri handietan gau horretan ere egondako beste salaketei buruzko albisteak eman dituzte, errefuxiatuek Alemaniako emakumeei taldean eraso egiten dietela adierazteko. Berlinen, adibidez, Brandeburgoko Atean atxilotutako bi gizonen berri eman dute: bata, irakiarra, eta, bestea, pakistandarra. Berlin moduko hiri handi batean, jaia dakarren gau luzean sexu eraso gehiago gertatuko ziren oinarri sendoa dago. Are gehiago, lanegunetan emakumeen aurkako eraso gehiago daudela dokumentatuta dago.

Errefuxiatuak Alemaniara doaz

Siriako gerraz geroztik, Alemaniak errefuxiatu uholdeak jaso ditu, Europako egoera ekonomikorik onena duelako. Datu ofizialen arabera, 2013an 100.000 lagunek Alemanian bizitzeko baimena eskatu zuten, eta, 2014an, 200.000 lagunek. Horregatik, Angela Merkel errefuxiatuak Europar Batasuneko gainerako herriekin banatzen saiatu da. Alemaniak 2016an errefuxiatu kopuru «handiegia» jasoko duela aurreikusten zuela esan zuen («800.000 asilo eskari aurreikusten dira», Alemaniako Migrazio eta Errefuxiatuentzako Zerbitzua, 2015/08/19). Horrela, uda osteko Europar Batasuneko batzarra berotu zuen: irailean gainerako herrialdeek hartu beharreko errefuxiatuen kuotak zehaztu nahi izan zituen Alemaniako kantzilerrak Bruselan («Los países de la UE no logran acordar el reparto de 120.000 refugiados más», “La Vanguardia”, 2015/09/15).

Alemaniako agintariek ez dute ezkutatu errefuxiatuak gutxitzeko asmoa dutela. Hasteko, asiloa eskatzeko prozedura nekosoegia da. Errefuxiatuek aurkitzen duten hurrengo traba, gainera, lan egiteko baimenik ez lortzearena da. Gero, etorkinak kanporatzeko politikan sakondu du Gobernuak: «Alemania levantará centros para acelerar la expulsión de inmigrantes» (“El País”, 2015/11/05). Orain, errefuxiatuek emakumeei eraso egiten dietela esandakoan, legea gogortu dute («Koloniako erasoen ondoren Alemaniako Gobernuak lege-hausle atzerritarrak arinago kanporatuko ditu», “Der Spiegel”, 2016/01/12). Hala ere, kanporatzeko aurreikusi dituzten lege-hausteak ez dira sexu erasoak bakarrik, lapurretak eta poliziari aurre egitea ere bai. Baina lege hori indarrean sartu aurretik, Alemaniak dagoeneko etorkinak kanporatzeari ekin dio («La policía alemana confirma el aumento de las devoluciones de refugiados a Austria», Eldiario.es, 2016/01/12).

Faxismoaren arriskua

Alemaniako herriaren zati batek errefuxiatuekiko «ongi etorri kultura» zabaldu bazuen, politikariek ez dute haien egoera erraztu. Asiloa eskatzeko prozedura lar luzea da, bulego gutxietan zentralizatu da eta ilara handiegiak eragin ditu. Herritarrak antolatu dira udan ilaran zain zeuden errefuxiatuei ura emateko, eta, neguan, arropa beroa.

Herriaren beste zati batek eraso arrazistak areagotu ditu. Alemania osoan, astean behin errefuxiatuentzako etxe bati sua ematen diote talde naziek, baina Gobernuarentzat hori ez da oraindik arazo nazionala, tokian tokikoa baizik. Aldi berean, Pegida moduko mugimendu arrazistak sortu dira.

Nazismoaren garaipenetik, Alemanian faxismoak bi unetan gora egin du: 1990eko hamarkadaren hasieran eta orain. Hortaz, 1933ko nazismoaren antzera, faxismoaren berpiztea krisialdi ekonomiko baten harira etorri da.

Lehenengo eta behin, bloke sobietarra jaustean, Alemania biek bat egin zutenean, aurreko urteetan Alemaniara heldu ziren 40 etorkin turkiar hil zituzten neonaziek 1990eko hamarkadan. Orain, Europak 2007ko krisialdi ekonomikoan sartuta jarraitzen duela, gerratik alde egiten duten lagunek neonazien erasoak jasotzen dituzte.

Kolonian emakumeak jazarri zituzten gizonak errefuxiatuak zirela zabaltzean, neonaziei aitzakia eman zieten. Astebetean, adibidez, Pegidak bi manifestazio deitu ditu jada. Are gehiago, bere burua emakumeak babesten dituen talde bezala definitzen hasi da Pegida. Izan ere, ideologia neonaziaren zutabe bat kanpotarrekiko gorrotoa da, baina bigarren zutabea emakumeak menderatzea da. Faxistek ez dituzte emakumeon eskubideak defendatzen, atzerritarren erasoak bakarrik salatzen dituzte.

Emakumeen ahotsa

Agintariek, esan bezala, legea gogortu dute eta emakumeak babesteko aholkuak eman dituzte. Koloniako alkateak, adibidez, «gizon susmagarriengandik beso bateko distantzia» mantentzeko gomendatu du. Jendarteak, gainera, manifestazioekin gaitzetsi du emakumeei eraso egitea. “Pegidak emakumeak babesten ditu” zioen pankartarekin abiatu zen domekan mobilizazioa Kolonian, baina aurreko egunean «indarkeria matxistaren eta faxisten aurka» mobilizatu ziren milaka emakume Kolonian bertan. Hala ere, agintariek ez dute emakumeen ahotsa entzun. Hedabideek ez dute emakumeen ahotsa jaso.

Emakumeen ahotsa emakumeek eurek zabaldu behar izan dute. Zenbait feministak Ausnahmslos (“salbuespenik gabe”, alemanez) ekimenean parte hartu du: ez dute nahi Kolonian pairatu dituzten sexu erasoak interes politikoen arabera erabiltzea. Emakumeen aurkako indarkerian gizon atzerritarrak bertakoak bezain errudunak direla azpimarratu dute. Are gehiago, Kolonian jatorri arabiarra zuten emakumeak ere eraso zituzten. Kanpoko gizonek Alemaniako emakumeei eraso egiten dietela ezeztatu nahi izan dute, jatorri alemaneko gizonek ere erasotzen dituztelako eta jatorri arabiarreko emakumeak ere jomugan daudelako. Hortaz, nazionalitateari erreparatu beharrean, emakumeei eraso egiten dieten gizonak identifikatzeko eskatu dute.

“Indarkeria sexistaren eta arrazismoaren aurka. Beti. Nonahi” leloarekin, Ausnahmslos ekimenak neurri zehatzak eskatu ditu. Lehenik eta behin, agintariei, sexu gehiegikeria lege-haustea izateko exijitu diete. Orain, emakumeek salatu ezean, sexu gehiegikeria ez delako lege haustea. Kolonian bi bortxaketa salatu ziren eta gainerako 300 bat salaketak sexu gehiegikeriak identifikatu zituzten. Koloniako emakumeek (jatorri europarrekoek zein arabiarrekoek) sexu erasoak salatzeko determinazioa agertu arren, salaketa horien bide prozesala ez da batere argia. Horregatik, Merkelek kalean polizia gehiago ipiniko duela iragartzean, emakumeek Polizia bera genero ikuspegian trebatzeko premia azpimarratu dute, Polizia konponbidea ez delako.

Bigarrenik, jendarteari ere badagokio emakumeen aurkako indarkeria borrokatzea. Besteak beste, biktimen estigmatizazioa ekiditeko deitu dute Ausnahmslos ekimenekoek: «Azken batean, gizonek egindako erasoek ez gaituzte identifikatzen. Erasoa pairatu duten emakumeak baino gehiago gara. Jendarte honetako kide gara, adibidez». Ildo beretik, biktimei erasoaren errurik ez leporatzeko kontu handia ipintzeko exijitu dute. Eta, nola ez, erasorik ikusten duen edonoren parte hartzea, indarkeria matxista ez delako erasoa jasaten ari den emakumearen auzia bakarrik.

Azkenik, hedabideek kasu honetan agertu duten jokabidea ikusita, oinarrizko bi printzipio gogoratu dituzte: emakumeen aurkako indarkeria ez da sexua, eta sexismoa zein indarkeria matxista ezin dakizkieke talde etniko jakin bati egotzi.

Gurean ez dago sexu erasorik

Koloniako salaketen albistearen oihartzuna Europako gainerako herrietara heldu da. Datu hutsak ematearekin, objektibotasuna adierazi nahi dute. Oraintsu jakin dugu dagoeneko 600 bat salaketa aurkeztu direla Kolonian. Hori bai, ez dute zehazten salaketa horien erdia lapurretekin lotuta daudela.

Europako hedabideek Koloniako gertakizunen berri ematean nabarmendu dituzten alde sentsazionalistek harritu egin dituzte Alemaniako egunkariak: «Europako hedabideek Kolonian Gabon zahar egunean gertatutakoa eztabaidatu dute, batzuetan maltzurkeriaz, besteetan datuekin» (“Taz”, 2016/01/07).

Harritzekoa da gure hedabideetan sexu erasoekin harritzeko gai izatea. Gurean sexu erasorik ez dela aditzera ematen dute. Sanferminetan, Baionako bestetan, Durangoko Azokan... emakumeok erasorik pairatzen ez dugula uste dute? Beharbada, horien berri izango balute, gure hedabideek ere indarkeria matxista gaitzetsiko lukete. Errealitateak dioskuna da, ordea, liskargiletzat hartzen gaituztela, adibide, Gasteizko aurtengo jaietan gertatutakoa:

–«Un ataque feminista contra los blusas de Vitoria enturbia el final de las fiestas» (“El País”, 2015/08/09).

–«La polémica entre el movimiento feminista y Blusas y Neskak empaña el final de La Blanca» (Gasteiz Hoy, 2015/08/09).

–«La polémica entre peñas y feministas por una agresión sexista afea el final de fiestas de Vitoria» (Eldiario.es, 2015/08/10).

«¿Unas fiestas demasiado polémicas?: La pitada de la balconada de San Miguel o el enfrentamiento entre feministas y cuadrillas de Vitoria dejan un sabor agridulce a los que solo pretendían disfrutar las fiestas en paz» (“El Correo”, 2015/08/10).

Are gehiago, ETB2 telebista kateko “Como en casa” saioan Luis Izagak, Blusen eta Nesken Batzordeko bozeramaileak, erasoa gutxietsi zuen («Lo que ocurrió el día 6 con estos chicos había sido que... yo no quiero llamarlo una agresión sexista, sino una grosería, una mala educación con una chica»). Erasoa salatu zuen mugimendu feministako kidea ere iraindu zuen Izagak telebista publikoan: «La señora Alitxu [Martínez del Campo] miente como una bellaca y no es la primera vez». Izagak feministon eta emakumeon lekua zehaztu zuen: «[Los grupos feministas] Quieren ocupar un espacio que yo creo que no les corresponde», «[Las feministas] Equivocan las formas. Cuando hacen lo que hacen el día 8 pierden la razón en todo».

Izagak aurretik ere indarkeria sexista gutxiesten zuen: «Yo he puesto pegatinas toda mi vida. ¿He tocado tetas por eso? Sí, pero no me han dado ninguna torta» (“El Mundo”, 2014/07/30). Hala ere, jokabide sexista hori ez du jendarteak zigortu. Alderantziz, Nesken eta Blusen Batzordeak oraintsu berriro bozeramaile izendatu berri du: «Blusas y Neskak renuevan su confianza en la actual Comisión presidida por Luis Izaga» (Gasteiz Hoy, 2015/09/08).

Gasteizko jaietan ere ikusi genuen emakumeei eraso egiten diguten gizonezkoak ez direla atzerritarrak. Durangon sexu erasotzaile batekin bizi gara. Politikariek babesten ez gaituztela berretsi dugu. Paul Abasolo, sexu erasotzaile indultatua, Zamudioko futbol taldean jokatzen dabil. Abasolori futbolaren inguruko galderak egiten dizkieten hedabideek ere bortxaketaren kultura areagotzen dute: ez dute erasotzailea identifikatzen eta erasoa bera gutxiesten dute. Erasotzaileak atzerritarrak direnean, ordea, agintariak, hedabideak eta jendartea asaldatu egiten dira, erasoak Alemanian gertatu badira ere: Euskal Herritik bi mila kilometrora. •