Aitor Agirrezabal
analisia

Prozesua eta «prozesismoa»

Euskal Herrian internazionalismo moduan ulertu nahi izan duguna, zenbaitetan, inperialismo ideologiko huts bilakatu da. Iritzia emateaz harago, Katalunian zer egin behar zuten eta zer ez ezarriz

Ikusmin handiz jarraitu du Euskal Herriak Katalunian azken urteetan gertatutakoa. Kasu askotan, hango hauteskunde edo Diadei etxekoei baino gehiago begiratu zaie. Egia da independentismo kataluniarrak iragan hamarkada honetan izan duen gorakadak isla handia izan duela euskal prozesu subiranistan, baina, zenbaitetan, internazionalismo bezala ulertu nahi izan duguna inperialismo ideologiko huts bilakatu da. Iritzia emateaz harago, Katalunian zer egin behar zuten eta zer ez ezarriz, gehiago euskal prozesu bati begira askapen prozesu kataluniarrari berari baino.

Azken txanpa honetan, CUPek Junts pel Si koalizioarekin negoziatzen eman dituen 100 egunetan, jarrerak aldatzen joan dira. Iragan irailaren 27an ezker independentistak Kataluniako Parlamentuan hamar eserleku lortu zituenean, ilusioz eta CUP proiektuaren tinkotasunaren eredu balitz moduan ospatu zen Euskal Herrian. Aldiz, CUPek hamar eserleku lortu izana bera izan da euskal herritarrak internazionalismotik inperialismo ideologikorako bidean jarri gaituena. 2012an David Fernandez, Quim Arrufat eta Georgina Rieradevall (gerora Isabel Valletek ordezkatuko zuen) Kataluniako Parlamentuan sartu aurretik, jende gutxik zuen CUPen berri. Ezker independentistak ibilbide luzea du Herrialde Katalanetan, baina ibilbide hori, beti, kalean egin du, instituzioetatik kanpo. 2012an, ordea, prozesu independentista indartzen eta finkatzen ari zela ikusita, hauteskundeetara aurkeztea hobetsi zuen. Ez aurretik barne eztabaida eta asanblada ugari ospatu gabe.

Eta orduan kalea baldin bazen ezker independentistaren joko zelai nagusia, gaur egun ere hala da. Parlamentua, soilik, beste asanblada bat da. Hala ere, kaleko edo auzoz auzoko asanbladetan landutako gai eta termino ugari parlamentura eramatea lortu du, bertako gainerako alderdien kontrako norabidea ibiliz. Horrela, orain, feminismoa, haustura, independentzia edo plan soziala bezalako hitz eta gaiak mahaiaren gainean daude Kataluniako Parlamentuan.

Horrela, hilabeteotan ikusi dena, politika egiteko beste eredu bat izan da. Bi frontetan; alde batetik, barne eztabaidan, eta, bestetik, Junts pel Si koalizioarekin aurrera eramandako negoziazioan. CUPek kanpaina guztian defendatu zuen ez zuela Mas presidente egingo. Junts pel Si berak, aldiz, Mas zela hautagaia berretsi zuen behin eta berriro, nahiz Mas zerrendako laugarrena izan. Modu horretan, elkar ulertu beharra zuten bi postura kontrajarri ziren aurrez aurre. Eta horrela hasi zen jokoa. Behin emaitzak taula gainean zeudela, Anna Gabriel eta Antonio Bañosek gidatutako formazioak lehendakaritza koral bat proposatu zuen. Bide motza izan zuen proposamenak.

Azaroaren 9an bi zerrendek bat egin zuten haustura deklarazioa onartzeko, baina hurrengo egunetan Masen izendapenaren aurreko ezetza berretsi zuen CUPek Parlamentuan. Une horretatik aurrera iritsi ziren egunez eguneko bilera eta negoziazioak, eta, bide batez, baita Euskal Herritik heldutako lezioak ere. Abenduaren 22an Masen alderdiak 270 milioi euroko plan sozial bat aurkeztu zuen.

Egoera horretan heldu zen abenduaren 29an Sabadellen egindako CUPen asanblada. Bertan aurrez aurre eta berdinduta agertu ziren ezker independentista osatzen duten bi tradizio nagusiak. Alde batetik, independentziarako bidea ezkerreko fronte baten bidez egitea defendatzen duena (Endavant), eta, bestetik, klase desberdinen arteko aliantza hobesten duena (Poble Lliure). 1.515 boto lortu zituen bakoitzak. Baina gauzak ez lirateke asko aldatuko 1.530-1.500 geratu izan balira. Azkenean, CUPeko Kontseilu Politikoak, lurraldeko asanbladen bitartez, ezetza eman zion Masi.

Euskal Herrian behin eta berriz entzuten dugu prozesu parte hartzaileak bultzatu behar direla, gizartea engaiatzeko ordua dela edo herritarrek euren etorkizunaren eta erabakien jabe izan behar dutela. Horixe, bada, praktikara eraman dute CUPen. Horrek, baina, handitzen zoazen heinean hainbat kontraesani aurre egin behar izatea ere suposatzen du.

Prozesu horrek guztiak kritika ugari eragin ditu Katalunian. Batetik, prozedurarekin bai baina emaitza batekin edo bestearekin ados ez izateagatik. Bestetik, Euskal Herritik askok akordioa nola edo hala lortu behar zela hobesten zuten moduan, CUPi botoa eman zioten batzuek ere ezin zituztelako prozeduraren nondik norakoak ulertu. Alde batetik, irailean CUPi botoa eman zioten askok ez zutelako ezker independentistaren barne funtzionamendua ezagutzen, hau da, ez zuten ezker independentista ezagutzen. Ohiko alderdi politikoen jokabideekin ohituta izanik, eta CUP politika parlamentarioan sartuta ikusita, CUPek ere gainontzekoen gisa jokatu beharko lukeela uste dute horiek. Prozesu asanblearioek eta horien denborek lehen lerroko politikan tokirik ez dutela argudiatuz. Aldiz, ezker independentistak, parte hartze eta barne demokrazia lezio izugarria eman du Kataluniaren historiaren momentu garrantzitsuenetako batean. Kontra, baina, ez du CUPi botoa eman zion masa horren guztiaren artean bereizketak egiten jakin.

Komunikazioa

Duela oso gutxi arte, CUPi botoa ematen zioten ia guztiak alderdia osatzen zuten adar edo mugimendu sozialetako militanteak ziren. Irailaren 27an, ordea, boto ugari irabazi zituzten, 2012ko 126.435 botoetatik 337.794 botora iritsiz. 210.000 pertsona gehiagok eman zieten euren konfiantza. CUPek, baina, ez du hautetsi, militante eta boto-emaileen arteko desberdintasun hori egiten jakin, ez du prozedurak komunikatzen jakin, eta azken multzo horretako askok ez dute gertatutakoa ulertu.

Era berean, asko izan dira Euskal Herritik Artur Masi ezetza ulertu ez dutenak, prozesua ezbaian jarri duelako. Prozesua “prozesismo” bilakatzeraino. Euskal Herriak distentsio egoera bat bizi du maila politikoan, bai proiektu independentista baten bidean bai beste alor ugaritan ere. Euskal gizartean dagoen motibazio falta horri aurre egiteko, Herrialde Katalanetara begira jarri da jendartea, Kataluniara zehazki. Hasiera batean internazionalismo moduan uler zitekeena, azkenaldian eta batez ere negoziazio hauetan zehar, inperialismo ideologiko bilakatu da, han bizitzen ari zena gurera ekarri eta zer egin behar zuten finkatuz. Kasu askotan gizartearen eta indar desberdinen nondik norakoak aztertu gabe.

CUPen barneko bi aukerak zilegitasun bera zuten, are gehiago eztabaida nola eraman duten ikusita, baina Euskal Herritik aukera bataren edo bestearen alde egin behar zutela azpimarratzera mugatu gara, analisi sakon baterako denborarik hartu gabe. Zer/nor da CUP? Zer/nor da Junts pel Si? Nor da Mas? Zer da prozesu subiranista? Zer da independentzia? Katalunia independentzia prozesu betean murgilduta dela, arlo askotan askapen prozesuaren logika galdu egin da, independentzia jomuga gisa jarri eta aldaketa soziala baztertuz.

Berriro etxera begira jarrita, ispilu baten bila ibili gara Katalunian. Zein da gure erreferentea? Kataluniako zein alderdik jokatzen du Euskal Herriko alderdi honen papera? Aldiz, egoera desberdin batetik abiatuta, bide ezberdina egin dute. Beti daude irakaspenak, gizarte zibilean izandako indar metaketa kasu, baina begira egote horrek ilusioa bezala frustrazioa ere pitz dezake.

Azkenik, Carles Puigdemonten izendapenarekin, urak baretu eta independentismoaren ilusioak berpiztu dira. Bide batez, espainiar Estatutik CUP txalotzen zuten askok «euren burua saltzea» leporatzen diete orain, eskuinarekin lerrokatu direla argudiatuz, Mas alboratu eta Convergencia plan sozial bat hartzera behartu dutenean. Bideak bloke independentistaren desgastea ere ekarri du, noski. Epe luzeko eztabaidek, are gehiago publikoak direnean, arrisku hori dute.

Orain, trantsizio Gobernuaren txanda da, Estatuarekin hautsi, errepublikarako bidea egin eta erreskate sozialaren plana abian jarri. Hori guztia gehiengo sozialak ahaztu gabe, bide hori eta independentzia bera gizarte eta estatu eredu desberdin baten alde erabiltze aldera.