GAUR8 - mila leiho zabalik

Satira zigortu


Satira izan da herritarren tresna beren nahieran erabiltzen dituzten politikariei ironiaz eta umoretsu protestak zuzentzeko, tokiko jaietan nagusiki. Satira da Peñek San Fermin jaietan darabilten adierazpen moldea Iruñean eta Nafarroan urtean zehar gertatuak kritikatzeko, 9 egunetan txarangak bultzatuta dantzan kalez kale astintzen dutena.

Satira da guztiei irekia eta abegikorra dela aldarrikatzen duen agintariari mozorroa eranzteko modu sotil bat, nahiz herrikideen kritikak ikuspegi komiko edo sarkastiko batetik egin.

Harropuzkeria inoiz ez da ongi ezkondu satirarekin. Satirak eskatzen du gutxienez jomuga duen politikariaren (horiek dira gehienetan) maila pertsonal minimo bat. Kontrara, politikarien eskaskeriek beti dituzte nahasten satira egileak bide penalekin, eskarmentu-zigorrak bilatuz.

Satira ez da gauza berria. Atzera mendeetan erabili izan da kultura ezberdinetan, egun nola Euskal Herrian zein beste herrialdetan.

Zentsurak dira Cadizko Chirigotak jasan izan dituenak, dela 1966ko prentsa eta inprentaren legea (“Fraga”) baliatuta eta poliziari eta Koroari zuzendutako hitzak ezabatuta, dela RTVAk (Andaluziako EITB) Falla Konkurtso entzutetsua Andaluzia osoan emititu beharrean, ohikoa dena, Cadizera mugatu zuenekoa, satira batzuetan sona handia izan zuen Andaluziako presidente Juan Morenoren soldata igoera kritikatzen zelako.

Zentsura da Lizarrako UPNko gobernuak jaietan ohiko txosna eremua debekatu izanari Raimundo el Canastero herriko musika taldeak ironiaz eta umorez egin protesta-abestia hilketa mehatxuagatik salatzea.

Satira, baina, artea izateaz gain, ausardia ere bada, eta agian agintari eskas eta harroputzen zigorpean irautea du bere patua.

Jarrai dezala satirak! •