AUG. 10 2024 { KOADERNOA } Txakur jendea Erika LAGOMA POMBAR Ume baino txakur gehiago dago Durangaldean», dio Anboto astekariak ekainaren 18ko alean. 11.429 dira hamabost urtetik beherako biztanleak, eta 13.020 txakurrak. Udalerri ia guztietan islatzen da joera, Durangon izan ezik. Bertan 4.045 pasa dira hamabost urtetik beherako haur eta gaztetxoak, eta 3.051, bueltan, txakurrak. Ehunetik hamasei familiak dute txakurra. Biztanlez txikiagoak diren herrietan, baserri munduari lotuago bizi direnetan, presentzia handiagoa dute txakurrek. Durangaldean % 14k zaintza/artzaintza lana egiten dute, %22 ehizarako erabiltzen dira eta gehiengoa, %64, konpainia animaliak dira. Amak beldurra die txakurrei, Roni izan ezik. Umetan konpainia egiten zion bizilagunaren txakurra. Nik maite ditut ia txakur guztiak. Baserrira bolada baterako etorri ginenean, umeen eskari errepikakorrari eta norbere isileko ilusioari men eginda txakurtegira joan ginen. Han ezagutu genuen Kiss, bakterio baten ondorioz ilea hemen bai eta hemen ez zuena. Bederatzi kilo eta begirada tristea. Txipik gabea, iragan fantasma batekin, besoa dena delakoagatik azkar mugitzen duzunean, burua jaitsi eta uzkurtzen denean, usaindu dezakezuna. Agertu zen udalerriko tasa ordaindu ondoren, txakurtegiko Kiss bihurtu zen Baltz, gure etxeko Baltz. Lehen gaua isil-isilik pasa zuen, gero hasi zen ateari harramazka, lasaitu zen arte. Eguzkirik ez dagoenean ere, itzal bat daukat orain, etxeko txoko guztietara jarraitzen nauena, ondoan zaindari, ez zaio bakarrik egotea gustatzen. Ama Baltzekin ere ez da izutzen. Kai eta Sua ere ikusten ditut egunero, barrideen txakurrak. Sua goizero etortzen da gure landara bere arrastoa uztera, eta Kaik topatzen duen edozein jaurtigai ekarriko dizu bota diezaiozun, behin, birritan… ez da nekatzen. Badaude gorroto ditudan bi txakur. Mirenenetik nentorren arrautza dozena eskuan, bero sapa, ez makila ez ezer, soineko txatxu bat eta txankletak, Baltz ondoan. Etxetik hurbil, zakur psikopata bi agertu ziren ezerezetik eta gurea erasotzen hasi. Oihu egin nuen inoiz ez bezala, jo nituen arrautza kaxarekin, apurtu nuen txankleta. Agertu ziren bizilagunak eta piztien jabea. Baltz izerditan blai, bere gerrako zauriekin, eta ni negar malkotan. Arrautzak lurrean eta txankleta eskuan bueltatu ginen. Sarri ikusi behar izaten ditut haien itxituran eta begiradarekin tiro egiten diet. Jabeak ez dit egundo galdetu zer moduz gauden. Beldurra hartu diet txakur handiei. Kalera bueltatuko garen honetan, 3051 + 1 izanen dira Durangoko txakurrak. Ez dut nire burua ikusten parke batean beste hamar txakur jaberekin solasean. Erosketetarako kapazuari gehitu zakurra, gorotzak biltzeko poltsa, paretik datorren txakurra, terrazetako mahaipeetan bertze hamaika, dendetako erakusleihoetan pixa-zorroztadak… eta etxean bakarrik dagoenean zaunka egiten badu? Estres pixka bat eragiten dit. Ikasiko dut moldatzen. Ez dut inor molestatu nahi. Leiala da Baltz, muturreraino, lehenik janaria eta gero beti ni, maitasun eta ardura handi bat, askatasuna mugatzen didana. Udaran sano nabari dut. Azken momentuko planak apenas, ez hondartzarik… kanpora joatekotan zaintzailea behar. Agian jende izateari uzten dion jendarte bat bihurtzen da txakur jende; aldiz, ezin da ganorazko txakur jende izan jende izan gabe. Ez dakit. • Agian jende izateari uzten dion jendarte bat bihurtzen da txakur jende; aldiz, ezin da ganorazko txakur jende izan jende izan gabe