AUG. 17 2024 Irun-Madril trenbide lineako herriak, argazkietan (AUGUSTE MURIEL. BIBLIOTHEQUE NATIONALE DE FRANCE) Juantxo EGAÑA “Nouvelles annales de la construction” aldizkariaren 1863ko martxoko zenbakian, Chauvisé eta Wolff ingeniarien artikulu bat argitaratu zen, Bidasoa ibaiaren gaineko zubi berriaren eraikuntzari buruzkoa -Baionatik Irunerako trenbide-tartean-. Zati hori Paris-Irun-Madril linearen zati zen, eta ordurako martxan zegoen arren, 1864ko abuztuaren 20an inauguratu zen ofizialki Donostian. Urte hartan bertan, "Chemin de fer du nord de l 'Espagne" izeneko albuma argitaratu zen, Irun-Madril lineako herri eta geltoki nagusien hogeita hamar argazkirekin. Euskal Herriko irudien artean, besteak beste, Donostia, Behobia, Pasaia, Zumarraga, Olatzagutia eta Ormaiztegiko biaduktua daude. Argazki horien egilea Auguste Muriel (1829 - 1877) argazkilaria izan zen, Parisen estudio bat zuena. Murielek Frantziako Argazkilari Elkartean erakutsi zituen bere lanak 1865ean, baita 1867ko Pariseko Erakusketa Unibertsalean ere. Horrez gain, Parisen hainbat hezkuntza erakundetako argazkilaria izan zen, nahiz eta bere irudirik ezagunenak 1871n Pariseko Komunaren altxamenduarekin lotutakoak diren, erakunde eta partikularren artxiboetan gordetzen direnak. 1864an egindako Murielen albumeko irudien sortan -artikulu honekin batera doaz batzuk- Behobiko zubiko irudi bat dago, non Faisaien Uhartea ikus daitekeen, eta, atzealdean, Irun. Beste argazki batean, Pasaiako portuko sarrera ikusten da, eta, hirugarrenean, Donostiako ikuspegi ezezagun bat, non harresien eraisketa ikusten den.