GAUR8 - mila leiho zabalik

Gaizkian maisuak


Soldaduetako batek eskuko telefonoa barruraino sartu arte bortxatu du makurrarazitako presoaren uzkia, inguruan bildutakoen txaloek adoretuta. Hondoraino sartutakoan, besteek, barre algaren artean, sega-potoari deitu diote heste lodi barrenetik aparailuaren dei-doinuak jotzen ote zuen konprobatzeko. Horixe da gatibu palestinar batek okupazio armadako militarren eskutik Sde Teiman atxiloketa zentroan pairatutako bortxaketa basatiaren testigantza eta azken asteotan Israelgo iritzi publikoan kalapita piztu duena. Eta polemika ez da piztu, hain zuzen, horrelako gertaerak ezohikoak izateagatik; aitzitik, preso palestinarren aurkako tratu txarrak eguneroko kontua dira Israelgo presondegietan. Oraingo honetan, aldiz, ezohikoa izan da bederatzi soldadu atxilotu dituztela (eta ordu gutxiren buruan aske utzi) egindako abusuengatik, eta horrek debate bizia eragin du hango hedabideetan, ez palestinarrak bortxatzeko pertinentziaren inguruan, baizik eta ohiko jarduera horrek legeztatua eta sistematizatua izan beharko ote lukeen ala ez. Atxiloketatik ordu gutxitara ultraeskuindar suminduek Sde Teiman base militarra erasotu zuten atxilotutakoekin elkartasunean, bortxatzaileetako batek elkarrizketa eskaini zuen telebistan bere ekintza kriminala defendatzeko, Ben Gvir Espetxeetako Ministroak berak erasoa defendatu eta erasotzaileak hauspotu egin zituen, eta Yehuda Schlesinger kazetari famatuak 12. kanaleko kameren aurrean defendatu zuen palestinarren bortxaketa, ez bakarrik zilegitua, “instituzionalizatuta” ere egon beharko litzatekeela. Zurrunbilo horretan, aipatutako kanalak ikusleen artean egindako inkesta batek agerian utzi zuen gehiengo zabal batek egoki ikusten duela gatibu palestinarrak bortxatzea, ipar morala guztiz galduta duen gizarte gaixo baten seinale.

Duela bost urte Eran Efrati, Researching the American-Israel Alliance erakundearen sortzailea, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera gonbidatu zuten. Bere mintzaldian, Israelekiko armagintza arloko harremanak ikertzera dedikatzen den erakunde horren arduradunak salatu zuen Ertzaintza Guardian Homeland Security konpainia israeldarrean trebatzen dutela, Sde Teimanen aski ezagunak diren tekniketan. Hortxe dute, nonbait, batzuek eta besteek zoru etikoa. •