AUG. 31 2024 Policarpo Elosegik baserriko familiari emandako begirada (POLICARPO ELOSEGI ANSOLA) Juantxo EGAÑA Argazki xelebre eta atsegin hau Tolosako Artxipiaga baserrian egin zen 1898ko abuztuaren 28an eta baserriko familia irudikatzen duen erreportaje txiki baten parte da. Irudian, argazkilariak eszena gidatu du, eta pertsonaia guztiak oso modu zehatzean jarri ditu nahi zuen efektua lortzeko. Aita malabarismoak egiten ari da mahai gainean hankaz gora jarrita, hiru seme-alabak begira dituela. Semeetako bat soinu txikia jotzen ari da. Egilea Policarpo Elosegi Ansola da, jatorriz Tolosakoa zen argazkilaritza zalea. Policarpo Boinas Elosegui fabrikako eta Eusko Ikaskuntzako zuzendaritzetako kide izan zen. Ski Club Tolosanoren sortzaileetako bat ere izan zen, 1909an, eta Tolosako zinegotzia, 1913an. Bere argazki artxiboak 1066 irudi ditu.