GAUR8 - mila leiho zabalik

Fentaniloaren krisia: Oregonek drogak edukitzea zigortu du berriz ere

Azken urteotan, AEBetako mendebaldeko Oregon estatuak politika berritzaileak izan ditu legez kanpoko drogei buruz. Hiru urtez iraun duen esperimentuak tratamenduan jarri du fokua, zigorrean jarri beharrean. Baina fentaniloaren krisiak bete-betean harrapatuta, atzera egitea erabaki dute aurten. Irailetik, drogak izatea espetxe zigorrak ekar ditzakeen delitu bihurtu da berriz ere.

Opiazeoen ondorioz hildakoen lagunek eta familiek New Yorkeko parke batean atondutako oroitzeko gunea. (Andrew LICHTENSTEIN | GETTY IMAGES)

Oregoneko herritarrek Measure 110 (110. neurria) onartu zuten 2020an, hauteskunde presidentzialekin batera egin zen erreferendumean. 1,3 milioi herritarrek bozkatu zuten proposamenaren alde, hau da, boto-emaileen %58,46k. Drug Policy Alliance elkarteko Kassandra Frederique-k azpimarratu zuenez, «paradigma-aldaketa historikoa da, eta drogen aurkako gerran garaipen bat; lehen aldiz, gure nazioan, droga guztien despenalizaziorako neurri bat da. Honek baieztatzen du aldaketa nabarmena egon dela, herritar gehiago daudela drogen erabilera osasun-zerbitzuekin tratatzearen alde, eta ez kriminalizazioaren bidez». Izan ere, «drogak edukitzea da AEBetan atxiloketa gehienen atzean dagoen delitua, 23 segundorik behin atxilotzen da norbait. Oregonek erakutsi du mundu gizatiarrago eta gupidatsuago bat posible dela. 110. neurria eredu eta abiapuntu bihurtuko da».

Ezetzaren kanpainakoek esan zuten tratamendurako gune eta leku gehiago sortzearen alde zeudela, baina ez zeudela ados, aldiz, despenalizazioarekin. «Halako neurriek droga-trafikatzaileen arriskua murriztu eta kaleetan dagoen droga-kopurua igotzea dakar. Lortzeko errazagoak eta merkeagoak izango dira drogak, eta haurrek bereziki sufrituko dute». Washington konderriko barruti-fiskalak adierazi zuenez, «uste dut denok bat gatozela esateko hau esperimentu bat dela. Galdera handiena da zer egingo dugun menpekotasun handia sortzen duten kaleko droga horiekin, tratamenduan ez sartzea erabakitzen duten nerabeekin».

Eztabaidaren ostean eta herritarrek bozkatuta, arau hura estatuko lege bihurtu zen eta hala, Oregon AEBetako estaturik irekiena izan da azken urteotan drogen trataerari buruz. Funtsean, norbere kontsumorako edozein droga edukitzea espetxe-zigorra zekarren delitua izatetik gehienez ere ehun dolarreko isuna izango zuen falta izatera igaro zen. Neurriaren helburua, errehabilitazioan eta droga-menpekotasunean zeudenekiko estigma bukatzea zen. 260 milioi dolar baino gehiago erabili ziren -legezkoa den marihuanaren zergei esker bildutako dirua - gaiaren inguruko finantzaziorako, menpekotasunaren tratamenduetarako, etxebizitza-zerbitzuetarako eta enpleguan.

Arazoak

2020 pandemiaren urtea izateaz gain, Donald Trumpen agintaldiaren amaiera ere izan zen. Bere autoritarismoarekin, probokazioekin eta polizia-neurriekin alderatuta, mugimendu progresistek azken urteetan landutako eta beste herrialde batzuen ereduetan inspiratutako proposamenak egin zituzten hainbat gai sozialetan, izan etxebizitza eta etxegabeen arazoak, izan drogak eta, ezin ahaztu, George Floyden hilketak agerian utzitako polizia-indarkeriaren eta arrazismoaren arazo sakona; poliziaren finantzaketa eteteko hainbat eragile eta ordezkarik egindako eskari eta guzti. Trumpen aurrean, udal aurrerakoienek etorkinak, gutxiengoak eta, oro har, gizarteko jende baztertuena babesteko neurriak hartu zituzten.

Droga-menpekotasunaren datuak izugarriak dira Oregonen. Bi urtean ia %50 egin dute gora gaindosiek eragindako heriotzek. (Andrew LICHTENSTEIN / GETTY IMAGES)

Xede onenek, baina, bestelako ondorioak ere izan zituzten: AEBetako pantaila guztietan agertu ziren Portland eta beste hiri batzuetako irudiak, erdiguneko kaleetan egun argiz ere dozenaka lagun drogak kontsumitzen eta bazterrean kolokatuta edo botata erakusten zituztenak. Oregoneko hiri handienean bizi den edo hara bisitan doan edonorentzat irudi gogorra da erdigune historikoan hainbeste gizon-emakume ikustea kalean noraezean, bide-bazterrean etzanda, taldean batzuetan, bakarka besteetan. Inorekin sartu gabe ia beti, haserrealdi gehienak talde barruan izan ohi dituzte, baina arazoa hor dago, eta begi-bistakoa da hiriaren erdi-erdian.

Datuak ere izugarriak dira: ia %50 egin dute gora bi urtean gaindosiek eragindako heriotzek: 2021ean, drogak edukitzea despenalizatu zen urtean, 1.171 hil ziren. Iaz, 1.683 izan ziren, gaitzen kontrol eta prebentziorako zentroaren arabera. Euskal Herriak baino %30 biztanle gehiago ditu Oregonek, 4 milioi pasatxo; hau da, estrapolatuta, 1.250 euskal herritar gaindosiz hiltzea bezalakoa litzateke. Oregoneko Osasun Agintaritzaren datuek diotenez, opiazeoen ondorioz gertatu dira heriotza gehienak, fentaniloagatik batez ere.

Lehen ere San Frantziskok eta beste hiri batzuek antzeko arazoei aurre egin behar izan diete. Kaliforniako hiri progresistaren kasuan, alkateak etxegabeentzako egoitza asko eraiki zituen agintaldiaren hasieran, baina azken urteotan nabarmen egin du eskuinerantz kriminalitateari aurre egiteko asmoz.

Oregoneko kasua iraultzailea izan bada ere, agintean egonda mugimendu eta planteamendu progresistek sarritan izaten dituzten arazoak uzten ditu agerian: arazo sakon eta konplikatuei asmo onenez diseinatutako programek porrot egitea. Baliteke planak egokiak izatea, baina sarritan ez dira behar beste aintzat hartzen albo-kalteak, politika horiek garatu behar dituzten barne-elementu eta baliabide batzuen errezeloa (poliziarena eta haien inguruko erakundeena, kasu, ezkerreko politikarien agintepean egon arren) eta neurrien aurkakoek egingo dituzten alarma-albisteen aurrean garatu beharreko komunikazio-politikak. Ahaztu gabe aldaketa sakonen ondorioak nabaritzeko beharrezkoa den denbora; ikuskizunaren politika populistak eta hauteskundeetako ziklo laburrek ia guztia kontsumo bizkorrera bultzatu dute, baita arazo sakonentzat bilatu beharreko konponbideak ere.

Errezeta zaharrak

Oro har, progresistak diren hirietan behin baino gehiagotan egon da arazo hau: arazo sozialak laster konpondu ezean, poliziaren eta neurri gogorragoen aldeko hautagai demokrata zentristagoek jo izan dute primarioetara (hiri horietan, errepublikanoetan ez dute inolako aukerarik). Azkenean, alkateek aulkiari eusteko bolanteari eragin eta eskuinerantz jo izan dute. Aldaketa sakon guztiek pazientzia eta denbora behar dute, baina era berean, herritar askoren haserrea eta beldurra benetakoak dira, eta datuek ere agertu dute okerrera egin dutela delituek edo drogekin lotutako osasun-arazoek. Horren aurrean errezeta zaharretara itzuli ala neurri berrietan sakondu behar ote den galdera zaila da, maila teorikotik kaleetako egunerokotasunera eta herritarren ongizatera doan kudeaketan ibili denak ondo dakienez.

Drogen aferan Oregonek errezeta berriak probatu ditu azken urteotan, baina atzera buelta egin du orain: penalizazioa eta zigorra. (Robert NICKELSBERG / GETTY IMAGES)

Measure 110 neurriaren alde egon zen pertsonetako bat Ted Wheeler Portlandeko alkatea izan zen, hiriko boto-emaileen hiru laurdenen gisa. Egun aitortzen du «menpekotasun-tasek eta gaindosiek izugarri egin» zutela gora, «ez dut uste dena Measure 110en ondorioz izan zenik, baina jendearentzat oso erraza zen biak lotzea -droga gogorrak zigorgabetzea eta adikzioa eta gaindosiak zein drogekin lotutako kriminalitatea ere haztea-».

Alkateak estatuko arduradunei egotzi die legeak zeuzkan helburuak ez betetzea. Drogen kriminalizazioa kentzearekin batera, behar bezalako tratamenduak ahalbidetzea zen asmoa, eta lehen neurria indarrean sartu bazen ere, menpekotasunetik askatzeko urratsik ez zela izan salatu du alkateak.

«Estatuak kale egin zuen neurria ezartzerakoan. Eta unea ezin okerragoa izan zen: drogen erabilera zigorgabetzea, tratamendu-zerbitzuak behar bezala izan gabe, akatsa izan zen. Estatuak artatzeko osasun-zentroak (behavioral health centres) eraikitzea zen kontua, eta behin hori egindakoan drogak zigorgabetzeari ekitea. Ez alderantziz».

2020an hamar herritarretik seik bozkatu zuten drogen aurrean ordura arte izandako jarrera aldatu eta zigorrik gabeko bestelako neurrietan oinarritutako araua ezartzea. Azken inkestetan, hala ere, %64k zioen legean atzera egitea nahi lukeela, osorik edo, gutxienez, zenbait neurritan. Eta arauaren bultzatzaileek gutxiengoak bereziki zigortzen zituen justizia soziala aipatu bazuten ere, datuek diote atzera egitearen aldeko kopuru handienak beltzen eta latinoen artean zeudela.

Joan den udaberrian, legean atzera egin zuen Oregoneko Kongresuak; gobernadoreak sinatu ostean, irailean sartu da indarrean. Legearen bultzatzaile batzuek neurriari aurrera egiteko aukerarik ez ematea egotzi diete politikariei, hauteskunde-zikloek izututa atzera eginarazteraino. Bitartean, Portlandeko poliziak jakinarazi du preso hartuko dituela aldean drogak dituztela harrapatzen dituztenak.

Zerk egin du kale?

Zer gertatu zen, beraz, asmo onenez onartutako esperimentuak kale egiteko? Ameriketako Estatu Batuetan halako neurriak hartzen diren lehen lekua izan arren, munduan zehar arrakasta izan du beste gune batzuetan. Portugalen kasuarekin alderatu dute; han drogak eragindako heriotzak %75 jaitsi dira, baina bi hamarkada behar izan dituzte horretarako. Iberiar Penintsulako herrialdeak gaindosi-tasa handia zuen 90eko hamarkadan eta, gaiari delinkuentziatik heldu beharrean, osasun-publikoko arazo gisa lantzen hasi ziren mende hasieran. «Gaiaz duzun jarreran tematu behar zara, eman astia emaitzak ikusteko. Opiazeoen krisia bezalako gai konplexua lantzen ari zarenean, ezin duzu aldaketa itzelik espero egun batetik bestera» dio Portugalen gaiaz arduratu den João Goulãok.

New Yorkeko parkean hartutako beste irudi bat. (Andrew LICHTENSTEIN / GETTY IMAGES)

Oregoneko Health Justice Recovery Alliance-ko (Osasun-justizia Berreskuratzeko Aliantza) Tera Hurst bat dator portugaldar ordezkariekin: esperimentuari «ez zaio behar zuen astirik eman». Drug Policy Alliance-k (Drogen Politikaren Aliantza) gogor kritikatu du Oregon errezeta zaharretara itzultzea. «Desinformazio kanpaina handia izan da, estatu horretako arazo guztien errua Measure 110i egozteko. Interes politikoak, berriz hautatzea esaterako, oregondarren ongizatearen aurretik jarri dituzte. Eta beltzen eta indigenen biziak ere sakrifikatu dituzte, Oregongo espetxeen buruzagi ohia buru duten korporazio handien interesen menpe». Izan ere, gogora dakarte, esperimentuak hiru urtean esperotako emaitza izan ez duen arren, «50 urte baino gehiagoko ebidentzia daukagula gerraren aurkako drogak, drogengatik jendea atxilotzeak eta espetxeratzeak porrota dakartela».

DPAk onartu du Measure 110ek ez duela esperotako emaitza izan, baina argi dute «delituen, etxegabeen eta gaindosi-heriotzen igoerak» ez direla neurri horrengatik izan. Areago, ondorio positiboak izan dituela azpimarratu dute: «Milaka oregondar gutxiago atxilotu dituzte, bizi osoan lana, etxea eta zerbitzuak izatea oztopatzen duen aurrekari penalik ez da sortu». Sistema kriminalean 40 milioi dolar aurreztu direla ere gaineratu dute, diru hori menpekotasunei aurre egiteko zerbitzuetara bideratuta. Guztira, 300 milioi dolar erabili dira zerbitzu horietan bi urtetan; osasun-azterketak laukoiztea ekarri du horrek, bestelako tratamenduak ere bi eta hiru aldiz gehiago izatea, tartean etxebizitza eta lana bilatzeko.

Baina argi dute gehiago egin zitekeela: «Politikariek kale egin dute Measure 110en potentzialitate guztia lantzeko orduan. Osasun-agintaritzak ez du behar besteko babesik eman, finantzaketa berandu heldu zaie zerbitzua eman behar zutenei. Mediku-azterketen telefonoa publikoki ez ematea ere erabaki zuen estatuak». Era berean, ez dute ahaztu polizia asko neurriaren aurka zeudela, eta estatuak ez ziela behar bezalako prestakuntzarik eman egoera berrian trebatzeko. Pandemiaren erdian iritsi zen neurria, halaber. 2021eko ekainerako, etxegabetzeen moratoria amaitu zen, eta jende askok amaitu zuen kalean.

Era berean, lehentxeago, 2019an, AEBetako Pazifikoko kostaldean hasitako fentaniloaren krisiak bete-betean jo zuen, baina «gaindosien arazoa krisi nazionala da», dio DPAk. Oregonen auzo diren lau estatuetan antzeko hazkundea izan dute gaindosiek. Eta ezin ahaztu bi arazoren arteko lotura: etxe-gabeziaren arazo kronikoa eta droga-menpekotasuna. «Drogen erabilera publikoa nora joan eta laguntza jasotzeko lekurik ez izatearen ondorio da. Drogak bizirauteko beharrizan bihur daitezke kalean bizi denak bizirik jarraitzeko».

Azken arazoa pertzepzioa bera da: kriminalitate-tasek nabarmen egin dute behera aurten Ameriketako Estatu Batuetan, oro har, eta Oregonen, zehazki. Baina jendearen inpresioa bestelakoa da, hedabideek eta mezu alarmistek hauspotuta.

Birkriminalizazioa

Apirilean onartu eta egunotan indarrean sartutako HB4002 legeak berriz ere kriminalizatzen du drogak edukitzea. Erabilera pertsonalerako izanda ere, drogak edukitzea sei hilabetera arteko kartzela zigorra izan lezakeen delitu bihurtu da. Jendaurreko droga-kontsumoaren aurka jotzea erraztuko dio poliziari neurriak; besteak beste, zigor gogorragoak ezartzen ditu parkeetatik gertu drogak saltzeagatik.

2023ko ekainaren 12an poliziak San Diegon harrapatutako fentanilo pilulak. (Craig KOHLRUSS / EUROPA PRESS)

Bob Day Portlandeko poliziaburuak iragarri du droga-kopuru txikiez arduratzean oso litekeena dela, atxiloketaren batean, indarra erabiltzen amaitzea, eta gaitz bereziak izanda drogatuta dagoen jendea hiltzea ere gerta litekeela poliziaren atxiloaldian zehar. «Argi utzi nahi dut begiak zabal-zabalik izango ditugula. Badira arriskuak, horiek murrizteko gure esku dagoen guztia eginda ere».

Birkriminalizazio legeak ez du zigorra bakarrik aurreikusi. Oregoneko konderriak tratamendu-alternatibak sortzera animatzen ditu, baina ez ditu derrigortzen. Hala, eskualde bakoitzean neurri desberdinak egon litezke. Teorian, helburua bada oraindik jendea justizia penaleko sistematik atera eta mendekotasun eta osasun mentaleko zerbitzuetara bideratzea. Hala, legez kanpoko drogekin harrapatzen dituztenei aukera emango diete: drogak edukitzearen akusazio kriminalari espetxean aurre egin ala tratamendu bati ekitea. Hau da, isunak ekiditeko, portaera-osasuneko programa bat osatu beharko dute, eta «desbideratze-programa» batean parte hartu.

Portland dagoen konderriak, esaterako, ez zuen prest drogatik aldentzeko zentrorik irailaren 1ean, legea indarrean sartu zenean. Eta irekitzen denean ere, oraingoz behintzat, astegunetan baino ez da zabalik egongo. Hau da, gauez edo asteburuz drogekin harrapatzen dituztenak, tratamendura joatea erabakiko balute ere, giltzapean eman beharko lituzkete zentroa ireki arteko orduak edo egunak.