Lider bat behar dugula dio...
Askotan pentsatu izan dut hizkuntzak eta onddoek badutela antzekotasun bat. Izan ere, udazkenean perretxikoak kolpetik agertzen diren bezala azaleratzen dira zenbait hitz garai jakinetan. Gogoratzen dut, duela urte batzuk, ezagutzen ez nuen “erkin” hitza entzuten nola hasi nintzen egun batetik bestera behin eta berriz. Erreferentziazko idazle, kazetari edo bertsolariren batek erabiliko zuen seguru asko, besteei gustatu, eta azkar zabaldu zen erabilera. Bertsolariak aipatu ditut, uste dudalako Bertsolari Txapelketaren bat jokoan zenean iritsi zela eztanda hura, eta bertsolari bat baino gehiago entzun nituen “erkin” ointzat hartuta kantuan. Perretxikoak bezala, hitz horietako asko agertu bezain azkar desagertzen dira gero.
Politikan ere, aholkulari eta kontsultoreen garaiotan, badira bat-batean modan jartzen diren kontzeptuak. Ez dira hitz berriak, baina susmagarria da etengabe errepikatzen hasten direnean. Sektore jakin batzuetan “askatasuna” edo “etorkizuna” izan dira bi adibide nabarmen, eta azkenaldian “lidergoa” da belarriak minberatzen hasi zaidana. Ez bera bakarrik, baina batez ere Imanol Pradales lehendakaria entzun dut azkenaldian behin eta berriz “lidergoa” aipatzen leku, arlo eta testuinguru ezin desberdinagoetan.
Ez naiz hemen hasiko lidergoez tratatu soziologiko bat idazten, ez dudalako horretarako behar den jakintzarik, baina iruditzen zait benetako lidergoak sortu egiten direla, irabazi nahiago baduzue, eta ez hainbeste eskatu, edo aldarrikatu. Agian “Berri Txarrak belaunaldikoa” naizelako izango da, baina “lidergoa” entzuten dudan bakoitzean lekunberritarren estrofatxo hura etortzen zait burura, doinu eta guzti: «Lider bat behar dugula dio...”
Hala ere, pentsatzen jarrita, abesti horrek ia 20 urte baldin baditu, liderrei buruzko burutapenak ez dira atzo goizeko kontuak. Egia izango da artistak beti aurretik doazela. •