Aldaketa Sozialaren aldeko Batzarrak ‘Aldaketa plaza’ ekimena aurkeztu du gaur Iruñean, herritarren adierazpen eta ekintzarako gune bat izango dena, hain zuzen. Apirilaren 12an gauzatuko da, arratsaldeko 17.30ean, Iruñeko Gaztelu Plazan, ‘Nafarroa aldaketa sozial eta politikoaren alde: Irauli sistema!’ lelopean.
‘Aldaketa plaza’ herri adierazpenerako gune gisa aurkeztu dute; «Nafarroa irauli nahi dugu, pertsonengan eta denon interesean oinarritutako sistema berri» baten alde. «Herri ekintzarako gune» izango dela azpimarratu dute bultzatzaileek, «beharrezkotzat» jo baitute Nafarroako egoera politiko eta soziala eraldatzeko «gizarte zibil gisa esku hartzea».
«‘Aldaketa plaza’n parte hartzeko gune bat ireki nahi dugu, denon artean edukiz janzteko Nafarroan gertatu behar den aldaketa sozial eta politikoa. Ez baita aski boterean batzuk eta besteak txandaka ibiltzea, goikoek kromoak elkarri trukatzea. Egiazko aldaketaren garaia da, eta haren oinarriak behetik hasita eraikitzea da gure proposamena», ohartarazi dute.