«Ni ere banoa» leloarekin ezagutzera eman den presoen eskubideen eta bake prozesuaren aldeko manifestazioaaren inguruko atxikimendu berriak ezagutzera eman dituzte gaur goizean Baionan. Aniztasuna da ekainaren 14ko martxaren aldeko sostenguen ezaugarri nagusia eta horren lekuko, Ipar Euskal Herriko herri elkargoko 4 lehendakarik, 61 auzapez, 205 hautetsik eta 5 parlamentarik beren babesa agertu dutela.
Besteak beste, Sylviana Alaux PSko diputatua, Jean-René Etchegaray Baionako alkate zetista, Max Brisson UMPko kontseilari nagusia, Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria, Michel Desprez Ipar Euskal Herriko giza eskubideen ligako lehendakaria eta Anaiz Funosas, Bake bideako ordezkaria eta hautetsi abertzalea agerraldian izan dira.
Nabarmentzekoa da Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Hiri Elkargoko lehendakariak, Michel Veunac Miarritzeko auzapezak, Claude Olive angelukoak eta Francis Gonzalez Bokalekoak sinatu dutela adierazpena. Peiuko Duhart Donibane Lohizungo auzapez eta Hego Lapurdiko Hiri Elkargoko lehendakaria ere agertzen da izenpetzaileetan.
Bake bideak azaldu duenez, orain dela hiru aste manifestazioaren kanpainari begira interpelazio bat egin zieten hautetsiei eta Christiane Taubira Frantziako justizia ministroari eta Francois Hollande, Frantziako lehendakariari, igorriko diote adostu duten adierazpena.
Bertan, gaixotasun larria daukan Ibon Fernandezen kasuan ‘Kouchner legea’ aplikatzea, hurbilketa eta baldintzapeko askatasunaren onarpena eskatzen dute. Aldi berean, iheslarien kontrako euroaginduak bertan behera uztea eta deportatuak itzultzea ere eskatzen dute.
Manifestazioarekin bat egiteaz gain, Aieteko bideari ekin behar zaiola azpimarratu dute agerraldia egindako hautetsiek. Frantziako eta Espainiako Estatuek prozesua blokeatu dutela azpimarratu ondoren, blokeo egoera gainditu eta urratsak emateko eskatu dute.