NAIZ
DONOSTIA

Euskal Estatua eraikitzeko proposamena aurkeztuko du EH Bilduk urtarrilaren 24an

EH Bilduk euskal Estatua eraikitzeko proposamena plazaratuko du heldu den urtarrilaren 24an Irungo Ficoban egingo duen ekitaldian. «Euskal Herriaren independentzia lortzeko proposamena izango da, Madrili eta Parisi baimenik eskatu gabe», aurreratu du Hasier Arraizek.

Hasier Arraizek egin du 2014. urteko balantzea EH Bilduren izenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Hasier Arraizek egin du 2014. urteko balantzea EH Bilduren izenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak 2014ko balantzea eta 2015 urteari begirako erronkak aurkeztu ditu Donostian egin duen agerraldian.

Amaitzear den urteari dagokionez, kezka «berezia» agertu du Arraizek egoera sozioekonomikoaren inguruan, «argi geratu baita Urkulluren Gobernuak ez duela gizarteari irtenbide bat eskaintzeko ahalmena izan». Langabeziak bere horretan jarraitzen duela, lan merkatuaren prekarizazioa gero eta handiagoa dela, aberats eta txiroen arteko arrakala ere gero eta handiagoa, gero eta herritar gehiago txirotasun arriskuan daudela... aipatu ditu adibidetzat.

Bakegintza arloan, Urkullu «planak eta planak aurkezten» jardun dela «baina gehienetan propaganda eta kontraprogamazio hutsa» izan direla nabarmendu du. «Ekimenik eza mozorrotzeko jarduera izan da Urkullurena, baina akordioetarako borondaterik ez duela argi utzi du».

Estatus politiko berriari dagokionez, EH Bilduren irudiko Lakuako Gobernua «etengabe Madrilera begira» izan dela kritikatu du. Horren aurrean, Madrilera begira «ezer» egiterik ez dagoela uste du, «herri honek gehiago behar duelako».

Finean, Urkulluren Gobernua «zuribeltzezkoa» da koalizioaren iritziz, «eraginkortasunaren izenean» gobernatu arren «praktikan jendearen arazorik ez duelako konpontzen».

2015erako erronkak

Datorrenari begira, berriz, lehentasunen artean du EH Bilduk eredu sozioekonomikoari «buelta» ematea eta norabide horretan lan egingo du, Arraizek esan duenez. Egingo dituen «urrats sakonen» artean aurreratu du urtarrilaren 24an Irungo Ficoban euskal Estatua eraikitzeko proposamena aurkeztuko duela EH Bilduk. «Euskal herritar guztiok gure etorkizuna erabakitzeko prozesu eratzailea barnebilduko duen proposamena plazaratuko dugu. Euskal Herriaren independentzia lortzeko proposamena aurkeztu dugu», esan du.

Ildo horretan, Arraizek dei egin die Euskal Herriko «indar askatzaile guztiei» –herri mugimenduari, mugimendu feministari, langile klase antolatuari, euskalgintzari, kulturgileei, herritarrei–, «askatzaileak izan behar duten kolore anitzeko indarrak batzera, «Madrilera eta Parisera begiratu gabe, baimenik eskatu gabe», nork bere ikuspegitik «gure etorkizunaren jabe bakarrak egiten gaituen proiektuari hel diezaiogun».

Azkenik, euskal preso politikoen giza eskubideak errespeta daitezen eta sakabanaketa amaitu dadin lanean segiko du EH Bilduk datorren urtean.