Maider EIZMENDI

DENBORAN IRAUTEKO EREIN DUTE EMAKUMEEN ALDARRIA LEITZAN

BASERRIAN ARITUTAKOEK BADIOTE, UZTA OPAROA JASOTZEKO ONDO EREIN ETA HOBETO ZAINDU BEHAR DELA SOROA. LEITZARREK, EMAKUMEEN MUNDU MARTXAREN BISITA AITZAKIA, HERRIAREN ERDIGUNEAN ETA ETORKIZUNEKO GIZON ETA EMAKUMEEN BEGIRADAPEAN EREIN ZUTEN ATZO EMAKUMEEN ALDARRIA, ETA INDARTU DADIN ETA DENBORAN IRAUN DEZAN LANEAN JARRAITZEKO PRESTASUNA AGERTU ZUTEN.

Emakumeen Mundu Martxa Leitzan. (ARGAZKI PRESS)
Emakumeen Mundu Martxa Leitzan. (ARGAZKI PRESS)

«Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte!». Atzodanik Leitzako Euskal Herria parkera bertaratzen den orok mezu hori irakurriko du, hitzok magalean hartuko dituen haginaren babesean. Kurdistanen abiatu eta egunotan Euskal Herriko bazterrak gurutzatzen ari den karabana feministak ordu gutxi batzuk eman ditu Nafarroako herri honetan, baina atzera eta aurrera utzi duen arrastoa handia da. Txalo artean eta bandera moreekin pasabidea osatuta hartu zuten eguerdiko ordu batean Udaletxeko plazan. Ordurako bertan batuak ziren makina bat herritar, tartean, liburuak alboratu eta bestelako lezio bat hartzera etorritako institutuko ikasleak.

Eskerrak eman zizkioten Leitzan batutakoek Mundu Martxari herrian geldialdia egiteagatik, bizi zuten une hunkigarria oparitzeagatik, baina baita haren prestaketak berak emandako “lanagatik”. Bai, lana bera gustukoa eta emankorra izan da, emakume batzarraren aktibazioa eragin duelako. «Emakume feministak eragile desberdinetan ari dira lanean eta honen bueltan elkartu dira; herriko eskola eta institutuak gaia lantzeko aitzakia eman digu eta emakume baserritarren parte hartzea ere areagotu da», azaldu zuten.

Hain justu ere, emakume baserritarren bueltan osatu zen Leitzako plazan egindako ekitaldi nagusia. Horien izenean hartu zuen hitza Miren Alduntzinek. Baserrian jaioa, baserrian hezia eta baserria bizileku duen emakumeak hazien gotorleku gisa baserriak izan duen garrantzia eta lan horretan emakumeek egin duten ekarpen handia nabarmendu zuen. Horren erakusgarri, betidanik Leitzan izan diren hiru hazi mota opari egin zizkien Mundu Martxakoei: artoarena, banabarrarena eta arbiarena. Leitzan batutakoak Kurdistanetik abiatu zenetik karabana feministak jaso dituen hazi eta bizipenei gehitu zitzaizkien. Horiekin batera, Leitzan osatu duten eta ikastetxean erabili duten ipuinak ere bidaiatuko du gaurdanik karabanan.

Kalejiran eta musikaz lagunduta abiatu ziren ondoren Euskal Herria parkera. «Emakumeei sarri espazio pribatuetan eta bigarren mailako eremuetan egiten zaigu tokia; guk herriaren erdigunera eraman nahi izan dugu emakume feministen aldarria», aipatu zuten. Egindako landaketarekin «Leitzako emakumeen eta oro har emakume feminista guztien aldarriak bizia izan dezala, indartu dadila eta denboran iraun dezala», eskatu zuten. Aukeratutako zuhaitza hagina da. «Baldintzarik gogorrenetan ere irauten» duen zuhaitza izaki, haren indarra emakumeei igor dakien bilatu dute. Haginaren bueltan egin ohi diren batzarrak ere gogoratu zituzten, eta emakumeak elkartuta beharrezkoak diren adostasunak lortzeko balio dezala eskatu zuten.

Ekitaldiak amaituta, Torreara abiatu ziren guztiak mahairen bueltan indarrak hartzeko; bazkalondoan bertan Elizondon zutelako hitzordua eta iluntzean, berriz, Hazparnen. Euskal Herrian azken geldialdia izango duen Bilborako bidean, gaur eguerdian Baionako kaleak zeharkatuko ditu.