Eureka! Zientzia Museoko Newton auditoriumean egin da Donostia Zinemaldiaren 64. edizioko irudi berria aurkezteko ekitaldia. Azaldu dutenez, aurten lehen aldiz luzatu zaie sona handiko hamar estudiori Sail Ofizialeko kartela egiteko gonbidapena.
Zuzendaritza batzordeak Estudio Primoko Jorge Eloseguiren lana aukeratu du, azpimarratuz kartelak Zinemaldi gisa irudikatzen duela. «Elkargune bat industria honetako profesionalentzat, kazetarientzat nahiz ikusleentzat», azaldu du egileak.
Afixa «koloreduna eta bizia da, baina aldi berean, dotorea ere bada, tipografiak kontu handiz landu baitira» eta lanaren zati handi bat «eskuz egin baita».
Ekitaldi horretan, gainera, Donostia Zinemaldiak antolaturiko kartel-lehiaketaren irabazleak zein izan diren jakinarazi dute; hain zuzen ere, Zuzendari Berriak sailerako, Zabaltegi-Tabakalerarako, Horizontes Latinos sailerako, Perlak eta Culinary Zinema sailetarako aukeratutakoak.
Mundu zabaleko diseinatzaileei irekitako lehiaketa izan da, eta laugarren edizio honetan 482 egileren 1.692 proposamen jaso dira. Bost kartel irabazleak hautatu dituen epaimahaiko kideak izan dira Donostia Kulturako zuzendari gerentea, Jaime Otamendi; Donostia 2016ren kultur programaren zuzendaria, Xabier Paya; Zinemaldiko zuzendariordeak, Maialen Beloki eta Lucia Olaciregui; eta Zinemaldiko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos.
Kartelak La Pazen (Bolivia), Lizarran, Caracasen (Venezuela), Donostian eta Lleidan (Herrialde Katalanak) egindakoak dira, eta hainbat inspirazio-iturri dituzte: lehen aldiek ematen duten bertigoa, teknikaren eta pasioaren arteko harremana, maisulan bat aurkitzearen emozioa, txori baten hegaldi librea edo Esther Williamsen filmak.