NAIZ
DONOSTIA

Lakuako Gobernuaren murrizketak salatzeko giza katea egingo du Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak giza katea egingo du heldu den ostiralean Bilbon, Lakuako Gobernuaren murrizketak salatu eta babes sozialerako euskal sistema «duina» aldarrikatzeko.

Eskubide Sozialen Kartak Donostian egin duen agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Eskubide Sozialen Kartak Donostian egin duen agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialek Karta osatzen duten sindikatu eta eragileek agerraldia egin dute Donostian, Lakuako Gobernuaren murrizketa politika salatu eta «bizitzaren sostengua erdigunean kokatzen duen jendarte eredu bat» aldarrikatzeko.

Lakuako Gobernuak aplikatzen dituen politika «antisozialek» biztanleriaren «pobretze orokorra» bultzatzen dutela salatu dute; horrekin batera, aberastasunaren banaketa «gero eta injustuagoa» da, «langabezia, prekarietatea, pobrezia eta desoreka sozial eta ekonomikoak areagotzen dituzte», politika publikoek «ez dutelako egoerari buelta ematea helburu».

Eskubide Sozialen Kartako kideek nabarmendu dutenez, Lanbidek kudeatzen dituen prestazioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari lotuta daudenez, igoera ere azken honen arabera aplikatu behar zaie guztiei.

Sindikatu eta eragile hauen iritziz, murrizketak salatzea ez da nahikoa eta «egoera errotik aldatu behar da», «bestelako lehentasun batzuk izango dituen Euskal Herriko eredu sozio-produktiboa erakiz».

Horregatik, murrizketen aurrean mobilizazioen garrantzia nabarmendu dute eta otsailaren 3an, Bilbon egingo duten giza katean parte hartzeko deia egin dute. 10.30ean hasiko da Lanbidek Bizkaian dituen bulego nagusietatik, Lakuako Gobernuaren egoitzaraino.