«Behin eta berriz esan dugu menpekotasunak gure herriari ez diola uzten bere etorkizuna eraikitzen. Menpekotasunaren kalteak izugarriak dira arlo guztietan, arlo politikoan zein ekonomikoan, sozialean edo kulturalean. Orain hori guztia larritu egin da, horrez gain demokrazia bera ere jokoan dagoelako», adierazi du Independentistak sareko eledun Txutxi Ariznabarretak.
Kataluniako egoera ere aipatu du Ariznabarretak. «Estatuaren izugarrizko inboluzio politikoa ikusten da. Botere faktikoek hartu dute politikaren lema eta egoera larri batera eramaten ari dira. Kontu hau guztia ez dago Kataluniara begira bakarrik. Euskal Herriari begira ere bada. Beraz, inoiz baino gehiago, burujabe hobe. Estatu espainolean zein frantsesean ez dago inolako aukerarik guk behar dugun burujabetza lortzeko», adierazi du.
Kataluniari laguntzeko bidean Aberri Eguna indartsua izatea garrantzitsutzat jo du Ariznabarretak. «Borroka berberean sartuta gaude eta azkenean Katalunia laguntzeko modurik hoberena hemen ere gure prozesua zabaltzea da», esan du.
Ibilbidearen aldaketa
Aberri Egunean, manifestazioa 12.00etan abiatuko da Sarasate pasealekutik, toki berean amaitzeko. Ariznabarretak nabarmendu duenez, aurten ibilbidea aldatu egin da. «Espero dezagun inor ez agertzea Golem zinemetan», bota du. Mugimendu feminista eta jubilatuak izanen dira aurtengo ekitaldi politikora gonbidatutakoak.
Aldarrikapenerako eguna ez ezik igandekoa ospatzeko ere izanen dela gaineratu du Ariznabarretak. Horretarako, batez ere Alde Zaharrean, egitarau mardula prestatu dute, 50 taberna, peña eta kolektibo baino gehiagoren laguntzarekin.
«Aberri Egun zabala eta parte-hartzailea antolatzen saiatzen gara. Gure ustez Aberri Eguna ez da alderdika ospatu behar. Euskal herritar guztiak parte hartzeko moduko antolaketak egin behar dira. Horretan saiatzen gero eta edozein sentsibilitate zehatzen gainetik gure Aberri Egunak eroso eta gustora izateko aukera eskeintzen du», gaineratu du.