NAIZ

Urdaibaientzat Moañako bandera eta San Juan azken postutik gertuegi

Azken postuari iskin egiteko atzera pausoa egin du gaur San Juanek. Tiranek hiru puntu lortu ditu, San Juan azkena izan da eta azken posturako lehian bi puntuko aldea besterik ez dute orain gipuzkoarrek. Boiron erabakiko da nork galduko duen maila zuzenean.

Urdaibai garaipena ospatzen. (@acttraineras)
Urdaibai garaipena ospatzen. (@acttraineras)

Moañako bandera Urdaibaiek eraman du eta Zierbena izan da gaur bigarren. Lehia eta interesa, ordea, azken postuetan ere jarrita dago, edo azken postutik ihes egiteko saiakeran, gutxienez. Atzera pausoa eman du gaur San Juanek helburu hori lortze bidera. Gaur denborarik gehien berak behar izan du eta puntu bakarra gehitu du sailkapenera. Tiranek, berriz, Caboren denbora bera egin eta epaileek berdinketa ikusita biei hiruna puntu ematea erabaki dute, 11. postuari dagozkien bi puntuak banatu gabe.

Juan Mari Etxabe (San Juan) aurten izaten ari diren zorte txarraz mintzatu da estropada amaituta eta igandeko estropadan jarri ditu begiak. Bertan erabakiko da Eusko Label ligako azken postua.

Denbora onenei dagokionez Urdaibaiek nagusitasun osoa erakutsi du. Ia bederatzira (+8,74) sartu da gaurko bigarren sailkatua, Zierbena. Orio izan da hirugarren (+11,10) eta bigarren txanda irabazi duen Santurtzi laugarren (+13,58). Gainerakoen sailkapena honakoa izan da: Ondarroa, Hondarribia, Kaiku, Donostiarra, San Pedro, Tiran eta Cabo, San Juan.

Goiko postuetan, beraz, Urdaibaik dagoeneko 178 puntu ditu eta Hondarribia 164rekin da bigarren. Zierbena gertu dute azken hauek, 161 punturekin.