NAIZ
IRUÑEA

Larunbatean kalera ateratzeko deia egin dute pentsiodunek

Donostian eta Iruñean egindako agerraldi banatan, heldu den larunbatean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egitekoak diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute pentsiodunek.

Pentsiodunen elkarte desberdinek Iruñean egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Pentsiodunen elkarte desberdinek Iruñean egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Larunbatean, hilak 15, pentsio duinen alde aterako dira berriz Hego Euskal Herriko pentsiodunak.

Besteak beste hiriburuetan egingo dira manifestazioak. Donostian, arratsaldeko 16.30ean abiatuko da mobilizazioa, Alderdi Ederretik abiatuta; Bilbon eta Iruñean, arratsaldeko 17.00etan, Jesusen Bihotzetik eta Gaztelu plazatik hasita; eta Gasteizen Artiumetik abiatuko dira, arratsaldeko 18.00etan.

Gipuzkoako Adinekoen Elkarteen plataformak Donostian egin duen agerraldian, 1.080 euroko pentsio publiko duinen alde mobilizatzeko deia egin dute. Zentzu horretan, 2020. urterako pentsioak 823 euroraino Lakuak eginiko proposamena «urrats bat» dela aitortu dute, baina azpimarratu dute ez dela nahikoa, 1.080 euroko pentsioak ezartzeko «dirua soberan» dagoelako, haien esanetan.

Aurrekontu «herrenak»

Iruñean, aldiz, Anapen, Anapp, LAB Pentsiodunak, Lacarra, Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek egin dute prentsaurrekoa. Estatu mailan eta Nafarroan aurrekontuak eztabaidagai daudela, azpimarratu dute «herren» jaiotzen direla aurrekontuak, «ez baitago iruzurra ekiditen duen eta dirua dagoen tokietatik ateratzen duen zerga sistema justurik».

«Dirua zertarako den erabakitzeko unean, beharrak mailakatu behar dira, lehentasunak zehaztu behar dira, pobrezian nekez bizi diren milaka pertsona eta etxe kontuan hartu behar dira, eta horiek izan behar dute lehentasuna osasungintzan, menpekotasunean, hezkuntzan…», azpimarratu dute.

Horregatik guztiagatik, eta datozen belaunaldietan ere pentsatuz, pentsio publiko duinen alde egiten jarraituko dutela argi utzi nahi izan dute.