NAIZ
Bilbo

SOS Arrazakeriak Bilboko Errekalde auzoan gertatutako eraso arrazista salatu du

Biktima, 52 urteko gizon beltz kolonbiarra, Basurtoko ospitalera eraman behar izan zuten, bost gizon eta emakume zuri baten jipoien ondorioz.

Bilboko eraso arrazistaren biktimaren irudia. (NAIZ)
Bilboko eraso arrazistaren biktimaren irudia. (NAIZ)

Bizkaiko SOS Arrazakeria erakundeak iragan larunbatean Bilboko Errekalde auzoan gazte zuri batzuek gizon beltz bati egindako eraso «bortitza» salatu du ostegun honetan.

Ohar baten bidez azaldu duenez, gertakariak otsailaren 13an izan ziren, Bilboko Errekalde auzoan, arratsaldeko 20:30ak aldera. Biktima 52 urteko gizonezko beltz kolonbiar bat da eta bera Sollube kaleko etxebizitza bateko lagun bat bisitatzetik zetorren orduan.

Ataritik irtetean, txakurrarekin zihoan 24 urte inguruko mutil gazte batek errieta egin zion. Mutilak biktimari galdetu zion ea han bizi zen eta honek ezetz erantzun zion, lagun baten etxetik zetorrela azalduta.

Orduan, azaldu du SOS Arrazakeriak, auzokoak galdetu zion ea bertan zertan zebilen eta biktimak erantzun zion gazteari horrek zer axola zion berari, ez ziola bere joan-etorrien berri eman behar. Orduan, mutikoak hala erantzun zion: «Txakurrak zaunka egiten badu, batere ona ez den kontu baten ondorioz izango da».

Biktima ataritik atera eta bere autora joan zen, gaztea bere ondoan zihoala. Haren atzetik zihoan, behin eta berriz bertan zertan zebilen galdetuz. Esperanto eta Leon de Uruñuela kaleen arteko izkinan, gazteak okindegiko pertsianaren kontra txokoratu zuen, lepotik helduta.

Orduan, biktima ihes egiten saiatu zen eta erasotzailea «lapurra!» oihukatzen hasi zen. Une horretan, erasotzailearen lagunak agertu ziren eta guztien artean hura jipoitzeari ekin zioten, 20 eta 25 urte bitarteko 6 gazte ziren, 5 gizon eta emakume bat.

Biktimak ihes egitea lortu zuen, «aurpegian eta gorputzean kolpe ugari jasota» eta korrika joan zen Sollube kaletik Gordoniz kalera heldu arte. Hortik, Serantes kalea hartu zuen eta bertan erasotzaileetako batek atzetik harrapatu zuen, kamiseta urratu eta lurrera bota.

Orduan, biktimak zapatila bat galdu zuen jauskera handiarengatik, espaloiko zutoin baten kontra belaunean eta buruan kolpe handia hartuta. Handik gutxira, Udaltzaingoaren patruila bat agertu zen kasualitatez eta anbulantzia bati deitu zion.

Biktima Basurtuko ospitalera eraman zuten. Lesioen partean ageri denez, biktimak honako zauri hauek zituen: garezurreko traumatismoa, toraxeko traumatismoa, aurpegiko zauriak, belauneko kontusio eta zauria, polikontusioak eta hortz baten haustura.

Gertatutakoaren aurrean, «eraso arrazista» izan dela adierazi du SOS Arrazakeriak, eta «horrelako jokabideak onartezinak» direla gaineratu du. Erakunde horrek erasoa gaitzetsi du eta ikertzeko eta erasotzaileak zigorrik gabe ez geratzeko eskatu du.

«Kasu honek argi eta garbi erakutsi du bestelako arrazen ezaugarriak dituzten herritarrek jasandako indarkeria iraunkorra eta egiturazko diskriminazioa. Horren ondorioz, segurtasunik eza eta zalantza ugari igartzen dituzte, era izugarri eta bidegabean», gaineratu du.