NAIZ

Perdigoi tiro batekin eraso egin diote Ondarroan bi kale-garbitzaileren autoari

Ondarroako Udalak salatu duenez, bi kale-garbitzaileren autoari eraso egin zioten larunbatean; perdigoi tiro bat, pintura eta arrautzak jaurti zizkioten. Langileek ez zuten kalterik jasan. Udaltzaingoak ikerketa hasi eta «nahiko bideratuta» du.

Kale-garbiltzaileen autoaren atzeko kristala hautsi zuen perdigoi tiroak. (ONDARROAKO UDALA)
Kale-garbiltzaileen autoaren atzeko kristala hautsi zuen perdigoi tiroak. (ONDARROAKO UDALA)

Ondarroako Udalak gaitzespen oharra kaleratu du, bertako bi kale-garbitzailek joan zen larunbatean jasan zuten erasoaren harira. Goizeko 9.30ak aldera izan zen; bi langileek euren ibilgailua Itsas Aurren utzi zuten zegozkien garbiketa lanak egiteko. «Lehenengo arrautzak bota zizkieten inguruko etxeren batetik, gero pintura gorria eta azkenik perdigoi tiro bat», azaldu du.

Tiro egin zutenean, bi garbitzaileak ez zeuden auto barruan barruan, eta ez zuten kalterik jasan. Perdigoi tiroaren ondorioz ibilgailuaren atzeko kristala hautsi zen.

Udalak «irmoki« salatu du gertatutakoa eta babes eta laguntza guztia adierazi die bi langileei.

Udaltzaingoak ikerketa abiatu du eta «nahiko bideratuta» dauka «tiroaren jatorria non kokatzen den». «5’5 kalibreko perdigoia da, 4.2 kategoriako arma batetik bota da tiroa eta uste dugu arma bera zelakoa den ere badakigula», adierazi du.

Ondarroako Udalak joan zen urtarrileko udalbatzan onartu zuen armei buruzko udal ordenantza berria, aho batez. «Garrantzitsua ikusten genuen ordenantza hau sortzea, batez ere azkenaldian eman diren airsoft eta armekin aritzeko antzeko beste jarduera batzuen gorakada ikusita. Helburua arma guzti horiek kontrolpean izatea da», esan du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.

Ordenantza berri horretan oinarrituta, tiro egin zuen pertsonak 10.000 eurotik gorako isun bati egin beharko dio aurre, etxetik bide publikora tiro egin eta ondasun publiko batean kalteak eragin eta denbora tarte batez erabilgarri ez egotea eragiteagatik. «Eusko Jaurlaritzak dauka azken hitza erabaki hau hartzerakoan».