Asier Robles

Etorkizuneko erronkei erantzuteko aurkeztu da EH Bilduko Nafarroako zuzendaritza berria

EH Bilduk Nafarroako zuzendaritza berria aurkeztu du. Miren Zabaleta buru duen taldeak koalizio subiranistak sortu zenetik eman diren aldaketak gogoratu ditu eta etorkizunean emango diren aldaketak nabarmendu ditu.

Miren Zabaleta, EH Bilduko Nafarroako arduradun politiko berria. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Miren Zabaleta, EH Bilduko Nafarroako arduradun politiko berria. (Idoia ZABALETA/FOKU)

EH Bilduk Nafarroako zuzendaritza berria aurkeztu du larunbat honetan Berriozarko Musika Eskolan. Miren Zabaletak, arduradun politiko berriak, azken urteetako aldaketak gogoratu ditu eta etorkizunerako erronkei buruz mintzatu da. Berarekin batera, Haritz Romeo, Lur Albizu, Endika Alonso, Edurne Leon, Maider Beloki, Lola Eslava, Bakartxo Ruiz, Unai Lako, Maddi Lasa eta Adolfo Araizek osatuko dute hurrengo lau urteetarako zuzendaritza.

Koalizio subiranistak bere 10 urteko ibilbidea ospatu nahi izan du ere gaurkoan. Bideo baten bitartez, 2011an EH Bildu sortu zenetik eman diren aldaketak gogoratu du bideo batek. «Gaur egun, Nafarroa ez da orduan zen hura, Nafarroa aldatu da, Nafarroa eraldatzen ari gara», hasi du esaten bideoa. Aldaketa horren mugarri esanguratsuenetariko bat gogoratu du: 2015ko hauteskundeetan Nafarroan gobernu aldaketa izan zenean eta Joseba Asiron Iruñeko alkatetza lortu zuenean.

Era beran, oraindik bide luzea dagoela egiteko azpimarratu dute, «izan ere, euskara ez da oraindik ofiziala, gure ekonomia hainbat multinazionalen menpekoa da eta den dena hemen erabakitzea ez da posible». «Baina hamar urteetan zerbait ikasi dugu, ezinezkoa zirudiena posible dela. Orain arte egin dugun bezala, Nafarroa eraldatzen jarraituko dugu», nabarmendu du bideoak.

«Aldaketa tresna»

Ondoren, Joseba Asironek hartu du hitza. EH bilduren atzean dauden milaka pertsonen lana eta ahaleginei esker aldaketa etorri zela adierazi du. «EH Bildu da herri zahar eta zigortu honek inoiz sortu duen aldaketa tresnarik eraginkorrena eta garrantzitsuena», nabarmendu du. Era berean, Nafarroa hainbat hamarkadaz zuzendu duen erregimena «hankaz gora» dagoela esan du.

«Aldaketa ez da iraganeko kontu bat, geroa baizik. Gero eta hurbilago dagoen etorkizuna da, abiadura handian hurbiltzen ari den errealitatea», bukatu du esaten.

Bakartxo Ruizek, Nafarroako parlamentuko EH Bilduren bozeramaileak, koalizio subiranistak Nafarroan eman diren aldaketa politiko eta sozialetan «funtsezko eragilea» izan dela nabarmendu du ere. «EH Bildu indartsua eta determinantea denean udaletan, Nafarroan, beste instituzioetan eta estatuan, ateak ireki ahal zaizkio aldaketari», esan du konbikzioaren garrantzia era azpimarratuz.

Etorkizunerako erronkak

Ondoren, Miren Zabaletak hartu du hitza. Aurrekoek bezala, Eh Bildu aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko tresna «eraginkorra eta erabakigarria» dela azpimarratu du. «EH Bilduk baieztatu du posible dela esker soberanistaren batasuna etorkizuneko programa baten inguruan», hausnartu du.

Aldaketa leku guztietatik bultzatzeko deia egin du Zabaletak, «instituzioetan, kaleetan, lantokietan, gaztetxeetan, eskoletan... toki guztietan».

Bukatzeko, EH Bilduren hiru errokak gogoratu ditu: «Politika, ekonomia, gizarte eta ekologia arloko eraldaketa sakona, Nafarroaren burujabetzaren bidetik; Euskal Herrian herri proiektuan aurrera egitea, eredu espainiar eta frantziarraren alternatiba errepublikarra ehunduz joateko; eta elkarbizitzarako eredu bat eraikitzea, berriz elkartzeko».