Rio Miera-Meruelo taldeko Lucia Ruiz kantabriarra da Bizkaikoloreak, juniorrentzako nazioarteko lasterketaren lehen liderra, lehen etapan Abadiñoko helmugan azkarrena izan ostean. Lehen garaipen hau eskuratzeko faborito handienen artean zegoen txirrindulari espainiarra eta 17 laguneko talde txiki batean sprintean lortu du garaipena, Eglantine Rayer frantziarraren eta Mijntje Geurts herbeheretarraren aurretik.
Abadiñon hasi eta bukatu den Bizkaikoloreak honen bigarren edizioko lehen etapak 55 kilometro izan ditu eta esperotako amaiera izan du. Aurretik Miotako gainetik hiru aldiz pasa badira ere, bide txar eta estua duen Andikoako igoera izan da benetako bereizketa egin duena. Hor alde egin dute azkenean helmugan garaipena borrokatu duten 17 txirrindulariak eta jaitsieran inork ez du bere bidea bakarrik egiteko modurik aurkitu. Euskaldunen artean, Laia Puiddefabregas nafarra izan da onena, bederatzigarren postuan sartu da, justu Arabarrak taldeko Olatz Caminoren aurretik, biak ere irabazlearen denbora berean.
Mendi gehiago amaitzeko
Tamalez desagertutako Biraren lekua hartu zuen Bizkaikoloreak lasterketa hau igandean amaituko da, Iurretan hasi eta bukatuko den 72 kilometrotako bigarren etaparekin. Larunabtekoarekin alderatuta, bestelako etapa bat espero daiteke, Abadiñokoak ere ibilbide gora-beheratsua izan badu ere, Iurretakoa, luzeagoa izateaz harago, menditsua ere bada, batez ere lasterketaren azkeneko kilometroetan.
Hala, helmugatik 20 kilometro baino gutxiago falta direla, tropelak San Trokatzeko igoera izango du zain, hirugarren mailako mendate bat eta handik jaitsi eta berehala bigarren mailako Duña igo beharko dute txirrindulariek, aurtengo Bizkaikoloreak honetako mendaterik gogorrena eta ziurrenera azken garailearen izena erabakiko duen igoera.
Lehen etapa eta sailkapen nagusia:
1. Lucia Ruiz (R. Miera) 1h25.12
2. E. Rayer (France) d.b.
3. M. Geurts (Schijndel) d.b.
4. F. Crouguennoc (Occitanie) d.b.
5. A. Van Der Meiden (Schijndel) d.b.
9. L. Puigdefabregas (Nafarroa) d.b.
10. Olatz Camino (Arabarrak) d.b.