NAIZ

Nafarroa XXI dinamika sortu da, orain 40 urteko Foru Hobekuntza salatu eta eztabaida pizteko

Nafarroa XXI herri plataforma aurkeztu dute larunbat goizean hainbat herritarrek Iruñean. Nafarroako Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena baliatuta, hura egin zen moduarekin desadostasuna agertu dute. Demokrazia, eskubide eta askatasun gehiago galdegin dute plataforma berriaren kideek.

Nafarroa XXI plataformaren aurkezpena Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Nafarroa XXI plataformaren aurkezpena Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroa XXI herri plataforma aurkeztu dute larunbat goizean Nafarroa osoko hainbat herritarrek Iruñean, Nafarroako Gobernuko ordezkaritzaren aurrean. Nafarroako Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena baliatuta, hura egin zen moduarekin desadostasuna agertu dute.

«Egungo Nafar Gobernuko egoitzan bildu gara, hemen eman baitzen, duela 40 urte, Foru Amejoramendurako negoziaketa, eta leku honetan eman ziren ere negoziaketa horien forma eta funtsen aurkako protestak», esplikatu du Maitane Eraso plataformako kideak.

Agertu dute Foru Hobekuntzak eman zirenetik 40 urtera «larrituta» daudela «Nafarroaren autogobernu galerarekin; Gobernu zentralaren, Bruselaren, merkatuen eta multinazionalen aurrean geroz eta botere politiko ahulagoa» duelako beraien ustez.

Horregatik, dinamika hau bultzatu dute egungo zein etorkizuneko bide politikoaren inguruko eztabaida zabaltzeko. Uste dute, gainera, jendarteari dagokiola eztabaida horri bide ematea.

«Gogorarazi behar dugu Nafarroa izan zela bere estatutua bozkatzeko erreferendumik izan ez zuen estatuko komunitate historiko bakarra, eta gaur gaurkoz egiaztatzen dugu egungo nafar biztanleriaren hiru laurdenak ez zutela ez parte hartu eta ez bozkatu lege haren aprobazio prozesuan», agertu du Erasok.

Hau, plataformaren iritziz, «konpondu beharreko defizit demokratikoa» da.

Bestalde, adierazi dute demokrazia, eskubide eta askatasun gehiago izango dituen Nafarroa eraikitzeko eztabaidara proiektu eta uste guztiak batu daitezkeela, bat salbu: «Gure herriari bere oraina eta etorkizuna modu demokratikoan erabakitzeko gaitasuna ukatzen diona».

«Guztion artean Foru Amejoramendua nola egosi zen kontatuko duen herri errelato bat osatzeko ordua da, eta Nafarroa bere orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaidari ekiteko prest dela lau haizetara zabaltzekoa», agertu dute.

Horregatik, jakitera eman dute helburuok lortzeko Nafarroako 20 herritan lan jardunaldiak egingo dituztela dinamika hau zabaltzeko.

Manifestua

Dinamika aurkeztearekin batera, haren izatearekin bat egiten duten 110 pertsonek babestutako manifestua ere aurkeztu dute larunbatean.

«Tenorea dugu, bada, denon artean eraikitzeko kontaera herrikoi bat, duela 40 urte, Foru Hobetzea azpikeriaz nola gauzatu zuten plazaratzeko eta lau haizetara oihukatzeko Nafarroak bere etorkizunari buruzko eztabaida ireki behar duela eta horretarako prest dagoela. Gure ustez, eztabaidak bermatu beharko du herritarren eta eragile kultural, sindikal, sozial, politiko eta instituzionalen parte-hartzea», agertu dute bertan.