Aurtengo Voltako lehen mendi etapak protagonismo euskalduna izan du dudarik gabe. Ander Okamika (Burgos) eta Mikel Bizkarra (Euskaltel Euskadi) eguneko ihesaldian sartu dira, lau minutuko abantaila izan dutelarik helmugarako 46 kilometroren faltan. Baina beraiekin Casper Pedersen (DSM) aritu da, laguntza askorik eman ez duena, eta Simone Petilli (Wanty).
Kilometro gutxiren faltan, abenturazaleak harrapatu dituzte, Mikel Bizkarra izan ezik. Euskaltel Euskadikoa bakarka saiatu da, baina azken 10 kilometroetan harrapatu du Ben O’Connorrek, etapa amaieran garaile izan denak eta Voltako lider berria bilakatu denak.
Australiarrak –lehenengo hiru etapetan beste bi herrikidek lortu dute garaipena: Michael Matthews y Kaden Groves, biak Time BikeExchange taldekoak– seis segundoko aldea atera die Juan Ayuso espainiarrari eta Nairo Quintana kolonbiarrari (Team Arkea). Beste kolonbiar bat, Sergio Higuita (Bora-Hansgregohe), laugarren iritsi da helmugara.
Hori bai, eguneko ihesaldiak saria eman dio Ander Okamikari, mendiko lider berria baita Burgos taldeko euskalduna.
Ostegunean, Boi Taull erraldoi ezezaguna
La Molinako gaurkoak beste etapa gogor bati emango dio pauso ostegun honetan, Boi Taull (Girona) erraldoi ezezaguna gainditu beharko dutelarik. Duela 20 urte igo zuten txirrindulariek azkeneko aldiz eta ziurrenik gaur egun tropeleko inork ez du lasterketa batean igo.
Etapa erregina izango da biharkoa. La Seu d’Urgelletik atera eta lehen mailako bi mendate igaro beharko dituzte, Coll Boixols eta Port Creu Perves, 12,7 kilometroko igoera duen Boi Taull igo aurretik. Batez besteko desnibela %5,6koa da eta aldapa gogorrenak %12ra iristen dira. Helmuga 2.015 metroko altueran dago.
Alejandro Valverde (Movistar) esperientzia handiko txirrindulariak, adibidez, ez du mendate hau ezagutzen, baina badaki «nahiko exijentea eta niretzat ona» dela. Bestalde, Esteban Chavesen iritziz (EF Education), «guretzat garrantzitsua izango da euririk ez egotea». Kolonbiarrak biharko etapako helmugatik gertu irabazi zuen iaz Voltan, Port Ainen alegia (Lleida).
Ethan Hayter, garaipena Coppi-Bartalin
Ethan Hayter (Ineos) britaniarra Coppi-Bartali lasterketako bigarren etapan gailendu da. Riccione eta Longiano artean korritutako 165,9 kilometroko jardunaldian, sprintean irabazi du 23 urteko ingelesak.
Denboraldiko lehen garaipena du erlojupekoan oso ondo dabilen britaniarrak. Pistatik datorren kirolaria da eta iazko errepideko denboraldian bere maila eskaini zuen, bederatzi garaipen lortuz: horietako bat Coppi-Bartolin, bi etapa Andaluziako Itzulian eta Norvegiako sailkapen nagusia. Gaurkoan Ineosen lan bikaina borobildu du. Izan ere, taldeak etapa garaipena eta lidertza bilatu ditu egunean zehar, eta azkenean lortu du Hayterren garaipena eta Eddie Dunbarren lidertzari esker.
Garaipena eta lidertzaz gain, Ineosek beste txirrindulari bat ipini du hirugarren postuan, 20 urteko Ben Tulett britaniarra. Bigarren, aldiz, Matteo Sobrero (BikeExchange) italiarra izan da.
Hankak kargatzeko egun horietako bat izan da, 15 igoera izan baititu etapak. Zirkuitu batean ere aritu dira azken txanpan, Roncofreddo (3. mailakoa, 5,4 kilometro %4,2an) eta Bivio Monteleone (3, mailakoa, 7 km %3,5era) bost aldiz igoz.
Azken bueltan, helmugarako 22 kilometrora, 38 txrrindulariko talde bat osatu da buruan, baina ihesaldi saiakerak nabariak izan dira hortik aurrera. Erik Fetter (EOLO-Kometa), Jan Polanc eta Andrés Ardila (UAE) izan dira abeturazaleak, baina Ineosek ondo egin du lan eta 2 kilometrore faltan harrapatu dute kolonbiarra.
Belvedereko Hormara (800 metro %11ra) indartsuenak iritsi dira eta bertan Ethan Hayterrek erakustaldia eskaini du garaipena eta lidertza lortzeko.
Merlier, azkarrena Bruges-De Pannen
Tim Merlier (Aplecin-fenix) belgiarrak Bruges-De Panne lasterketa irabazi du sprintean erabaki den lasterketan. Oso gutxigatik izan bada ere, Dylan Groenewegen herberehearra (BikeExchange) baino azkarragoa izan da. Bi txirrindulariek Pascal Ackermann alemaniarraren (UAE) erorikoa aprobetxatu dute euren artean garaipena borrokatzeko. Hirugarren Nacer Bouhanni frantsesa (Cofidis) izan da.
Gaurkoarekin, bigarren garaipena du Merlierrek aurten, hilaren hasieran Tirreno-Adriatico lasterketako bigarren etapan irabazi ostean.