NAIZ

Bizkaia-Durango ez da Tourrean lehiatuko

Tourreko antolakuntzak ez du gonbidatuen artean sartu talde bizkaitarra eta beraz, itzuli frantsesean lehiatu gabe geratuko da. UCI mailan dauden taldeetatik zaharrena da Bizkaia-Durango. Giroan bai parte hartuko dute, ekainaren 30etik uztailaren 10era bitartean. 

Bizkaia-Durangoko txirrindulariak lasterketa baten hasieran.
Bizkaia-Durangoko txirrindulariak lasterketa baten hasieran. (@BIZKAIADURANGO)

Aurtengo Tourrean aldaketa nabaria iragarri zuten itzuli frantseseko antolatzaileek. Emakumeen kategoriako lasterketa astebetera luzatuko zela adierazi baitzuten, zortzi etapekin (uztailaren 24tik 31ra). 1984. eta 1989. urteen artean egin zen lehendabiziko aldiz astebeteko itzulia errepide frantsesetan zehar baina ez zuen segidarik izan –90. hamarkadan egin ziren baina beste antolatzaile eta izen batekin–. Azken urteetan, egun bateko lasterketa antolatu izan du ASOk, gizonezkoen Tourreko etapa baten aurretik. 

Hitzordu horietan presentzia eduki izan ohi zuen Bizkaia-Durango taldeak, 2004. urtetik UCI mailan dagoenak –kategoriako beteranoena–, baina aurtengo edizio berezian ez du lehiatzeko aukerarik izango. Asteazken honetan eman ditu aditzera antolatzaileak parte-hartuko dituzten taldeen izenak eta horien artean ez da agertzen Bizkaia-Durango. 

World Tourreko 14 talde lehiatuko dira –tartean Movistar nafarra eta Ane Santestebanen BikeExchange–, UCI Continental mailakoak hiru izango dira –mailako onenak– eta zazpi gonbidapen banatu ditu ASOk: lau talde frantses (Arkea, Cofidis, Stade Rochelais eta St. Michel-Auber 93), Herbehereetako bat (AG Insurance-NXTG), Belgikako beste bat (Plantur-Pura) eta Erresuma Batuko beste bat (Col Wahoo). 

Tourrean ez baina Giroan bai lehiatuko da Bizkaia-Durango. Helburu nagusien artean zegoen itzuli italiarrean parte-hartzea. Tourra baino bi aste lehenago lehiatuko da; ekainaren 30etik uztailaren 10era, alegia. 

Bestalde, maiatzean Euskal Herriko Itzulia egiteko asmoa erakutsi zuen Euskal Txirrindularien Elkarteak (OCE, gaztelerako siglengatik) baina oraindik ez dago ibilbidearen berririk ez eta beste xehetasunen berririk ere.