ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Donostian bildu dira ostegun honetan, ‘Lan istripu gehiago ez, prekarietatea hiltzailea’ lelopean, joan den asteleheneneko lan-istripu hilgarria salatzeko.
Astelehenean Babakar Faye, 34 urteko langilea, hil zen Markina-Xemeingo Lekoitz harrobian harri handi batek harrapatuta eta sindikatuek Donostian egin dute elkarretaratzea, Amenabar Construcciones enpresaren egoitzaren parean, bera baita Markinako harrobiaren jabea.
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk deitoratu dutenez, «Euskal Herrian, gutxienez, 52 langile hil dira aurten, horietatik bost abuztuan» eta ohartarazi «5 egunetik behin» langile bat hil dela.
Horrela, salatu dute patronalak ez dituela betetzen laneko osasun neurriak: «Amenabar taldeak azken urteotan metatu dituen lan-istripu eta heriotzen zerrenda beltza ikusi besterik ez dago».
Ildo horretatik, esan dute ohituta daudela paperean idatzitako prebentzio neurriak ikustera, baina, gaitzetsi dutenez, «gero ez dira errealitatera eramaten, ez dira praktikan jartzen» eta langileek «zailtasunak dituzte, prekarietatean oinarritutako lan harremanak direla eta, segurtasun neurriak eskatzeko».
Sindikatuen iritziz, «bizi dugun larrialdi-egoerak berehalako neurriak eskatzen ditu». «Ezin dugu ulertu nola ez den entzun Eusko Jaurlaritzako ordezkarien adierazpen bakar bat ere gai honi buruz. 5 egunean behin langile bat hiltzen da. Non dago Urkullu jauna? Zer ari da egiten Idoia Mendia?», galdetu dute.
Azpimarratu dute Lakuaren erantzukizuna dela «lan-osasuneko neurriak betearaztea, baina, egia esan, araudi hori ez da betetzen».
Elkarretaratzea Markina-Xemeinen
Arratsaldean beste elkarretaratze bat egin dute Markina-Xemeinen, Babakar Fayeren heriotza salatzeko.
Babakar Faye, 34 urte.
— LAB Busturialdea . Lea-Artibai (@labbusturilea) August 25, 2022
Aurton lanera joan eta inoiz bueltatuko ez den 52. langilea.
Markinako herritarrak kalera atera dira prekarietatea salatu eta Fayeren gertukoei elkartasuna adieraztera.#NahikoaDa#NeurriakOrain#PrekarietateaHiltzailea#LanIstripuGehiagorikEz pic.twitter.com/OT4kwx4VB7