«Aski!». Hitz horrekin laburbildu dute Baionan besten harira izan diren indarkeria mota ororen aurreko haserrea eta gaitzespena. Herriko etxearen aitzinean elkartu diren ehunka lagunek bereziki gogoan izan dute Patrice, bestetan jaso zuen jipoiaren ondorioz zendu den 46 urteko gizonezkoa. Etxera itzultzen ari zela, atarian txiza egiten ari zirenei kargu hartu zien eta bortizki egin zioten eraso, zauri larriak eraginez. Hainbat egun eman zituen koma egoeran, ostegun honetan haren heriotzaren berri eman zuten arte.
Gertakari latz honen arduradunak «aurkituak eta epaituak» izan daitezen eskatu dute mobilizazioan, eta horretarako Poliziak argitaratu duen erretratua zabaltzeko deia egin dute.
«Krimen» honek eta salatu diren bost bortxaketek jaiak «zikindu» dituztela nabarmendu dute Baionako peñek, ostalariek, talde feministek eta hiriko beste zenbait eragilek deitutako elkarretaratzean.
Hala, «indarkeria mota orori» gaitzespena adierazi diote Baionako Askatasun plazan elkartutakoek. Han izan da ere Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza.
Patriceren heriotzaren ondotik, Baionako Fiskaltzak jakinarazi du «hilketagatik» auzi bat abian dela eta ikerketak aurrera jarraitzen duela, instrukzioko epailearen agindupean. Gorpuari autopsia bat ere egin diezaiotela agindu du.