NAIZ

Athletic Cluben markaren balioa: bosgarrena Ligan eta 35. postuan mundu mailan

Brand Finance aholkularitza-enpresaren azken txostenaren arabera, talde zuri-gorriak bederatzi postu igo ditu azken denboraldian. Emandako datuaren arabera, 125 miloiko balioa dauka Athleticen markak.

Munduko futbol talde baliotsuenen markaren sailkapena.
Munduko futbol talde baliotsuenen markaren sailkapena. (@AthleticClub)

Brand Finance Football aholkularitza-enpresak argitara eman du nazioarteko 50 klub baliotsuenen markaren balioa ezartzen duen txostena. Athletic Clubek bederatzi postu egin du gora aurreko rankingarekin alderatuta, eta gaur egun 35. postuan dago mundu mailan.

Talde zuri-gorria da orain, aholkularitza-enpresaren arabera, Ligako bosgarren talderik baliotsuena, 125 milioi euroko marka balioarekin, Real Madril, Bartzelona, Atletico eta Sevilla taldeen atzetik.

Mundu mailan egindako sailkapenean Real Madrid da liderra, Manchester City, Bartzelona, Manchester United eta Liverpool taldeen aurretik.

Gainera, Brand Financeren arabera, Athletic Club da Ligako laugarren markarik indartsuena, marketineko inbertsioa, alderdi interesdunen marka-ondarea eta merkataritza-errendimendua ebaluatzen dituzten metriken bidez. Arlo honetan, Athleticek 19. postuan jarraitzen du mundu mailan, Aston Villa, Bayer 04 Leverkusen, Roma, Ajax, Betis edo Benfica bezalako taldeen aurretik.

Bestalde, Athleticek gogora ekarri du sare sozialetan Mr. Pentland entrenatzailearen jaiotza eguna. 1883ko uztailaren 29an jaio zen zuri-gorrien teknikari ospetsu izandako ingelesa.