Abiatu dute 2024-2025 ikasturtea Ipar Euskal Herriko ikasleek. Astelehen honetatik aurrera, Bordeleko akademian 570.000 ikasle itzuliko dira eskoletara. Horietatik, 110.000 kokatzen dira Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, Kazeta.eus agerkariak azaldu duenez. Testuinguru politiko ezegokorra medio, eskola sartzea berrikuntzekin heldu da.
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak NAIZ Irratian azaldu duenez, Seaska bere «marka historikoa» gainditzear dago. Izan ere, kopuru zehatzak datozen egunetan jakingo diren arren, 4.200 ikasle baino gehiago espero dituzte. «Garapen fase batean gira, eta hori biziki ona da», poztu da lehendakaria.
«Gero eta jende gehiagok du Ipar Euskal Herrian euskararen gosea, eta badakite murgiltze eredua eraginkorra dela euskara ikasteko. Pixkanaka ari da gure hizkuntza normalizatzen, eta guraso gehiengo zabal batek nahi du bere haurrak euskara ikas dezan», adierazi du. Sail elebidunak ere indartzen ari direla nabarmendu du Jorajuriak, «baina horrekin bakarrik ez dugu euskara salbatuko», egin du aldarri.
Testuinguru politiko ezegonkorra izan da halere, sartzea baldintzatu duen elementuetariko bat. Dimisioa eman duen Nicole Belloubet Hezkuntza ministroa gidatzen ari da sartzea eta hainbat erreforma bidean dira. Ondorioz, hainbat neurri, brebetaren erreformarekin eta eskola programarekin lotuak direnak, 2025era atzeratu dituzte, plantan ezartzeak hartzen duen denborarengatik.
Baxoa eta Brebeta
«Gobernurik gabeko zulo batean gira», adierazi du lehendakariak. Eta oraindik erantzunik ez dutela baxoaren edota brebetaren inguruan ere deitoratu du. Hala ere, borrokan jarraituko duela azaldu du Seaskako lehendakariak: «Brebetaren arazoa irabazi genuen, gure ikasleek euskaraz egin ahalko dute aurten, horren segurtamena badugu. Aldiz, baxoari buruz, kendu ziguten euskaraz egiteko ahala; Gobernuak dimisionatu du erantzunik eman gabe, beraz beha gara ikusteko nola kudeatuko duten. Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatuko dugu, eta agian, aurten lortuko dugu».
Baxoaren kalifikazio sistema aldatuko da 2025eko azterketa eta gero, Belloubetek abuztu amaierako prentsaurrekoan iragarri zuenez. Hala, 50/50etik 40/60ra iraganen da proba, gogortze aldera, azken azterketaren balioa igoz.
Beskoitzen hainbat gatazka
Beskoitzeko afera da egoera ezegonkorra sortzen duen beste auzietako bat. Ikastolako ikasleek sarrera egin dutela kontatu du Jorajuriak, «baldintza ez hain onetan», prefabrikatutako etxoletara joan behar izan baitute.
Halere, ikuspegi baikorra du lehendakariak: «Herriko Kontseilua aldatu da, auzapez berri bat badugu, eta badakigu harekin eta haren taldearekin konponbideak atzeman ahal ditugula; egoera lasaiago batean gara, pixkanaka eraikiko dugu irtenbide berri bat».
Beskoitzen bada beste arazo bat, ordea. Izan ere, kurtsoak hasteko lau egun eskas falta zirela, hezkuntza zein eskolaz kanpoko zerbitzuen itxiera jakinarazi zieten, irailaren 2tik 5era bitarte, Adingabeen Harrera Zerbitzu Kolektiboaren (ACM) greba aitzin abisu baten ondorioz.
Greba horren arrazoiak lausoak dira oraindik, Herriko Etxeak langileen baldintzak betetzeko zailtasunak aipatzen baititu, eta langileek, berriz, haurren segurtasuna bermatzeko behar adina langile ez izatea, baita zerbitzuaren norabide argirik ez izatea ere.
Formakuntza elebidunak
Berrikuntza nagusien artean, eskualdeko laborantza lizeoak formakuntza elebidunak proposatzen hasiko dira aurten. Fantziar Laborantza eta Elikadura Subiranotasun Ministerioak joan den ekainean ezarri zuen plantan baimena, tokiko eskari handi bati erantzuten dion ekimen esperimentala ahalbidetuz. Jean Errecart lizeo pribatuan aplikatuko da, Donapaleun, lehen eskaintza eginez bigarren maila orokorrean, ondoko urtean lehen mailara zein terminalera hedatzeko xedez, baxora arte.
Hala, gaurtik aurrera ikasle multzo batek euskara, matematika, historia-geografia eta herritar heziketa irakasgaiak jasoko ditu euskaraz.