Nafarroako sektore horretako lehen hitzarmena gauza dadila exijitu dute ostiral honetan LAB sindikatuko kideek eta zahar egoitzetako langileek Iruñeko Gaztelu Plazan. Izan ere, urtarrilean beteko dira lau urte sindikatuak aldarrikapen hori egin zuenetik. Egun, hitzarmenaren negoziazioa blokeaturik dago patronalaren itxikeriagatik. Hori dela eta, desblokeatzea helburu, hainbat mobilizazio eta lanuzte eginen dituzte azaroan eta abenduan.
Azaroaren 8an manifestazio bat joanen da Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusitik Parlamenturaino, «gatazka honetan hainbertze errateko duten bi erakunde horiek interpelatzeko». Azaroaren 22an, LABek elkarretaratzea eginen du CEN Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren aitzinean, «blokeoaren erantzule nagusia baita». Eta, azkenik, abenduaren 13an eta 20an bi orduko lanuzteak (16.00etatik 18.00etara) eta lantokietan elkarretaratzeak egitera deitu ditu zahar etxeetako langileak.
«Patronalak ez du inbertitzeko asmorik»
Sindikatu abertzaleak uste du uda aurreko mobilizazioei esker lortu zela patronalek mahai gainean paratzea proposamen bat, gutxienez hitz egin ahal izateko abiapuntua zena. «Zoritxarrez, proposamen hura diru publikoari lotuta zegoen soilik. Patronalak ez du inolaz ere gure nagusien zaintzaren negozioaren bidez lortutako irabaziak inbertitzeko asmorik, nahiz eta irabazi horiek sektoreko langileak gehiegizko lan baldintzekin mantentzetik ateratzen dituen: lanaldi amaigabeak, soldata prekarioak, ezinezko familia kontziliazioak, eta abar».
LABek Nafarroako Gobernuari dei egin dio «bertze alde batera ez begiratzeko eta diru publikoa jasotzen duten zahar etxeetako patronalei exijitzeko dituzten irabaziak sektoreko lan baldintzak hobetzeko erabil ditzatela».
Duela ia lau urte hasi zuten borroka honek ez du etenik izan denbora honetan guztian. Baina, nabarmendu dutenez, borroka ez da langileena bakarrik. «Hau herritar guztien borroka da, lehenago edo geroago guk edo gertuko norbaitek zahar egoitzak erabiliko ditugulako. Guztiok zainduak izanen gara gure bizitzako uneren batean, eta zaintzen dutenek kalitatezko zaintza eskaini ahal izateko, beharrezkoa da kalitatezko lan baldintzak izatea», aldarrikatu dute.