NAIZ

Armagabetzea egiaztatzeko lanetan egon den Manikkalingam hartu du Pradalesek Lehendakaritzan

Manikkalingam eta Pradales, Lehendakaritzan.
Manikkalingam eta Pradales, Lehendakaritzan. (Raul Bogajo | Foku)

Imanol Pradales EAEko lehendakariak Ram Manikkalingam hartu du bere bulegoan ostiral honetan. Bere izena aski ezaguna izan zen duela hamarkada bat, ETAren armagabetzea baieztatzeko sortu zen nazioarteko batzordearen buru izan baitzen Manikkalingam.

Dialogue Advisory Group (DAG) erakundearen sortzaile eta zuzendaria da gaur egun, eta horregatik hitzartu dute bilera. Eragile askoren arduradunak ari da hartzen bere bulegoan Pradales. Adierazpenik ez da izan bilkuraren ostean.

Lehendakaritzak nabarmendu duenez, DAG erakundeak «elkarrizketa politikorako bidea errazten du, indarkeria murrizteko».

Pasa den udaberrian, Pradalesen aurretik kargu bera izan zuen Iñigo Urkullurekin ere bildu zen Manikkalingam, Jonan Fernandezekin batera. Eta aurretik Lakuako Gobernuari harreman oso izatea lehenetsi zuten Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek urte zail haietan.

2014. urtean Auzitegi Nazionalera eraman zituzten Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe –taldeko kideak hauek ere–, ETArekin nahasteko saiakeran. Armagabetzea oztopatzeko helburuarekin noraino iristeko prest ziren botere espainiarrak frogatu zuen pasarteak. Bi orduz deklaratu behar izan zuten nazioarteko aditu hauek.

Honen gainetik lanean jarraitu zuen Egiaztatze Batzordeak eta 2017ko apirilaren 8an Baionan ETAk bururaino eraman ondoren, bakegileen bultzadarekin eta milaka herritarrek babestuta, egindakoa egikaritu egin zuten Mannikalingamek eta bere taldekideek.