Balenciaga ontziolaren itxieraren aurkako manifestazioa izan da ostiral arratsalde honetan Zumaian. Langileak ez daude prest enpresaren itxiera onartzeko eta, beraien ustetan, Ekonomia Ministerio espainolak kudeatzen duen Cofides funts publiko-pribatua «apropos» aritu da pasa den urrian onartutako bideragarritasun plana oztopatzen.
‘Balenciaga ez itxi’ zioen pankarta baten atzean, eskualdeko langile eta bizilagunek Zumaiako kaleak zeharkatu dituzte, ontziolatik Foruen plazara, lanean jarraitu ahal izateko irtenbide bat eskatzeko, ontziolak bi itsasontzi eraikitzeko eskaerak baititu.
Balenciagak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskatu du, Cofides Espainiako Garapen Finantzaketarako Konpainiak uko egin baitio berregituraketa planari, hura saihesteko eta Zumaiako instalazioetan jarduerarekin jarraitzeko.
Duela gutxi jakinarazi zieten Zumaiako ontziolaren langileei enpresaren hartzekodunen konkurtsoa egingo dela. Horren harira, lan baldintza txarrak salatu dituzte, hala nola jaso gabeko ordainsari batzuk. Ostiral honetako manifestazioa aurreikusita dituzten mobilizazioetatik lehenengoa izan da.
Ostegunean Lakuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu zen enpresa batzordea eta ostiral goiz honetan EAEn Gobernu espainolaren ordezkaria den Marisol Garmendiarekin izan dute bilera Balenciagako 70 langileen ordezari sindikalek.
Hauen ustez, erakundeetako ordezkarien «hitz onek ez dute ekintzarik ekarri»; izan ere, «ez bazkide industrial baten sarrera ez Ekonomia Ministerioarekin lortutako akordioa ez daude ziurtatuta». David Tejera enpresa batzordearen presidenteak erakundeei eskatu die martxan jartzeko eta «ahal den guztia» egiteko enpresa bideragarria izan dadin.
«Lan karga daukagu, eta finantzazioa falta da aurrera egin dezan. Ezin dugu orain alde batera utzi», gaineratu du goizean Tejerak.
Madril, «lanpetuta eta kezkatuta»
Bestalde, Marisol Garmendiak adierazi du Ekonomia Ministerio espainola «lanpetuta eta kezkatuta» dagoela alde guztientzat konponbide «posible, egingarri eta onargarri» bat bilatzen, legearen barruan egongo dena eta Balenciagako lanpostuei eustea ahalbidetuko duena.
Lakuako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako beste erakunde batzuen inplikazioa ere beharrezkoa dela defendatu du eta, Cofidesek berregituraketa planari uko egin dionez, zuhurtziaz jokatzeko eskatu eta ohartarazi du «dena ez dela zuria edo beltza hemen, gris asko daudelako».
«Enpresako gerentziak bere bertsioa izango du, baina Ministerioaren eta beste agente batzuen bertsioa ere kontuan hartu behar da», azaldu du Garmendiak.