Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen IV. Batzarra egin dute ostiral honetan Bilboko Otxarkoaga auzoan. Bertan aztertu dute Pentsiodunen Mugimenduak pentsioen osagarriaren euskal sistema bat ezartzeko aurkeztu duen Herri Ekimen Legegileak (HEL) emakume pentsiodunengan duen eragina. Sistema horrek lege bihurtuko luke Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatuko den pentsio baten aldarrikapena urteko 14 ordainsaritan. Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak berriki onartu du hori izapidetzea.
Batzarrean nabarmendu dutenez, emakumeek «lantokietan duten diskriminazioak eta prekarietateak, langabezia tasa handiagoak, lanaldi partzialeko kontratuen proportzio handiagoak eta aitortu eta ordaindu ez diren zaintza lanetan aritzeak pentsiorik baxuenak, gutxienekoen osagarriak behar dituzten kotizaziopeko pentsioak, 500 euro baino pixka bat gehiagoko kotizazio gabeko pentsioak, emakumeek %70ean jasotzen dituztenak, edo argi eta garbi nahikoak ez diren alarguntza pentsioak eskuratzea» eragin dute.
Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duen HELarekin, 66.000 emakume pentsiodunek (guztira, ia 100.000 pentsiodun) 1.135 euroko osagarri hori jaso ahal izango dute. «Zenbateko horrek bizi baldintza duinak lortzeko gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatuko dizkie eta, gainera, genero arrakala murriztuko da», aurreratu dute.
Horregatik, emakume guztiak animatu dituzte «beren sinadurarekin HEL hau babestera».
Asanbladaren ondorengo agerraldian azaldu dutenez, batzarrean ere «bizitzaren etapa guztietan zaintza duinen beharra sakondu eta berretsi» dute.
Emakume pentsiodunen iritziz, egoera ekonomikoak garrantzi berezia du bizimodu duina izateko, baina, era berean, ezinbestekoa da sistema publiko eta kalitatezkoa izatea, urteak bete ahala areagotzen doazen zaintza beharrak behar bezala beteko dituena».
Ildo horretan, erantsi dute, «gure gizartean, zaintza sistemari emakumeei esker eusten zaio funtsean, eta egoera horri buelta eman behar zaio, sistema hori ezin baita doako lanean edo soldata eta lan baldintza guztiz bidegabeetan oinarritu».
Asanbladatik emakumeak «indartsuago» atera direla ziurtatu dute, «jakin badakigulako etorkizunean HEL hori onartzeak bete egingo duela Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapen historikoetako bat, emakumeek jasotzen dituzten pentsio txikienei dagokienez».
Era berean, berretsi dute ˜zaintza unibertsalak, publikoak eta duinak posible direla, bai etxetik kanpo, bai etxe barruan». Eta argi utzi dute ezin dela onartu «zainketekin negozioa egiten jarraitzea» eta mobilizazioa dela «bide bakarra».
Larunbat honetan Bilbon, Greba Feminista Orokorraren urteurrenarekin batera egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.