Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Interview
Aner Peritz Manterola ‘Euzkitze’
Bertsolaria

«Minak eta zauriak non dauden ikusteko horri buruz hitz egin behar da»

Eskolartekoan eta hamaika sariketetan txapeldunaren gozoa probatuta, lehen aldiz parte hartu du Gipuzkoakoan. Finaleraino iritsi da, bertsotan fresko eta ideietan zorrotz. Dagoeneko helmugara iritsi denaren pozaz, finalean gozatzeko tokia topa dezake Aner Peritz ‘Euzkitzek’ (Zarautz, 2002).

Aner Peritz ‘Euzkitze’ lehen aldiz iritsi da finalera.
Aner Peritz ‘Euzkitze’ lehen aldiz iritsi da finalera. (Jon URBE | FOKU)

Zorionak. Zortzigarren postuan, finalera.

Bai, justu-justu, puntu batengatik. Dagoeneko, finaleko gauzak entzuten ditudanean, urduritzen ari naiz. Eta poza etortzen ari zait. Pixkanaka, asimilatzen joan ahala, pozten ari naiz.

Finalera pasatzeko tentsioa izan al duzu gorputzean?

Aurreko fasetik muga-mugan pasa nintzen finalerdietara, 18. tokian, azkena. Eta ikusten nuen berriz ere hortxe egongo nintzela, aukerak izango nituela eta ni izango nintzela berriz ere mugakoa, zortzigarren edo bederatzigarren geratuko nintzela. Baina egia esan aurreko asteetan burua beste toki batzuetan izan dut eta ez dut asko pentsatu finalerako aukera horretan. Egia esan, behar baino denbora gutxiago eman dut horretan pentsatzen. Hori ez da ona finala asimilatzeko orduan, baina, era berean, ez naiz oso estresatuta egon.

Txapelketatik kanpoko kezkak izatea eta erlatibizatzea txarra ere ez da, ezta?

Uste dut ona ere badela txapelketa ez izatea kezka nagusi eta bakarra, bestela ere nahiko luzea izaten ari da. Gu apirilean hasi ginen, eta oso luzea egiten ari da. Tartean beste gauza batzuk izatea pozgarria da. Gero, finalera pasatzean, sustoa eta kolpea ere etorri dira.

Baina susto ona.

Bai, bai, oso pozgarria.

Txapelketan bide luzea aipatu duzu. Nola sentitu zara bide horretan?

Luzea izan da, hilabete asko, eta ez dut txarrera esaten. Udaberriko fasean beste bide batetik nindoan eta hor ere banituen nire beldurrak. Momentuan oso presente bizi nuen egin beharra eta bertan geratzeko arriskua. Lehen saioa ondo atera zen eta puntu asko batu nituen. Horrek lasaitu egin ninduen, puntuak batu egiten zirelako. Udaberri hartan nahiko eroso eta lasai aritu nintzen. Udazken honetan, final zortzirenetan eta laurdenetan, presioz estu eta tentsioarekin ibili naiz, pentsatuz aukera oso erreal bat zela kalean geratzea, baina, aldi berean, ondo egingo banu pasako nintzen sinesmenarekin. Gauzak ondo eginez gero, aseguratuz gero, hutsik ez eginda, pasatzeko aukerak nituela sinesten nuen, eta horrek, azkenean, mesede baino kalte egin dit. Justu azken saiora libreen, lasaien eta kezka gutxirekin joan nintzen, pasatzeko pretentsio gutxirekin, ondo egitera, ondo pasatzera eta esan nahi nituen gauzak esatera joan nintzen. Azkenean hor egin dut saio onena, horrekin pasa naiz finalera.

Esan nahi dituenak esatea. Horixe da bertsolariaren obsesioa. Zuk lortu duzu, ezta?

Uste dut baietz, eta hori bada pertsonalki inporta zaidan gauza bat, kezkatzen nauena eta egin nahi dudana. Ez zait interesatzen teknikoki perfektua den baina gero edukiz hutsala den bertso bat. Ez da niretzat bilatu nahiko nukeena. Hori egiten badakigu gehienok gutxi gorabehera. Baina interesatzen zait bertsoa diziplina artistiko bezala, mezuak emateko, transmititzeko eta edukietan sakontzeko tresna bezala. Eta txapelketa horretarako plaza zabalena, ikusiena edo publikoena da. Amorrua emango lidake nire burua hortik aparte ikusteak. Niretzat bada obsesiotxoa ekarpen diskurtsiboak egitea eta edukietan sakontzea, kokapenetan asmatzea eta gaiei interesatzen zaizkidan ikuspuntuak topatzea. Hori egin nahi izan dut eta gusturen hori lortu dudan ariketetan geratu naiz.

Bertsolariari (batzuei, behintzat) gustatzen zaio parean daukan bertsozalea aulkian pixka bat mugiaraztea, zer pentsatua ematea.

Bertsoak badauka funtzio sozial bat, finalean ere hala izango da. Ardura bat ere badaukagu, leku pribilegiatu bat daukagu bertsotan ari garelako oholtza batean, mikrofono batetik, arreta handia sortzen dugu eta belarri asko ditugu adi. Hori ez da besterik gabe uzteko eta hutsaltasunean geratzeko, hori baliatu egin behar da. Honekin ez naiz esaten ari denbora guztian gai transzendentalez, sekulako pisuarekin eta sakonkeriatan aritu behar dugunik, baina uste dut bertsoa tresna bat dela politika egiteko, gauzak esateko eta mezuak emateko. Nik nire partetik horretan asko sinesten dut eta hori egitea interesatzen zait. Hori egiten saiatzen naiz. Batzuetan eragiten du jende baten edo publikoaren parte baten deserosotasuna. Asmoa bada astintzea edo kritika soziala egitea, deseroso sentitzea horren ondorio bat da. Baikorra iruditzen zait oinarri sozial batzuk mugitu ahal izatea, zalantzak sortzea. Horrela esanda handikeria bat ematen du eta ez daukat horrelako pretentsiorik. Baina gauzak esateko aukera dugunez, gauza batzuk esatea eta horrekin zerbait mugitzen saiatzea garrantzitsua da. Niri behintzat asko interesatzen zait hori.

Zure herriarekin pixka bat adiskidetzen ari al zara? Txapelketan bitan gutxienez hartu duzu ahotan, eta ez zein polita den esateko.

Ez dakit adiskidetzen ari ote naizen, baina behintzat esan ahal izan dut ez naizela hain adiskidetuta egon beti eta hori askatze bat ere bada. Egia esanda pozik nago bakarkako horrekin, hori esan ahal izatearekin. Ez adiskidetuta ere, ari naiz hori esaten. Hori erreala da eta pozgarria da aitortu ahal izatea, gure buruari ondo ez egoteko lizentzia ematea eta hori lasai esatea. Egia esan, txapelketa honetan gauza batzuetan aurrera egin dut, zeinek esango zuen, eta pozik nago horrekin.

Sendatzeko edo minak samurtzeko pauso bat izan daiteke hainbeste jenderen aurrean kontatzea, ezta?

Bai, publikoki eta norbere buruari. Ahoskatzea eta gauzei hitzak jartzea garrantzitsua dela uste dut. Minak eta zauriak non dauden ikusteko horri buruz hitz egin behar da. Horretarako balio izan dit honek denak. Uste dut ari naizela bide bat egiten saiatzen beste harreman bat edukitzeko nire herriarekin eta nire jatorriarekin. Baina ez dut uste nire bizipen pertsonala denik, uste dut nahiko sentsazio partekatuak direla, eta horregatik dauka horrelako indarra.

Pentsa nolako oihartzuna izan duen zure Zarauzko agurrak (Aner oroitzen dut bere lotsa, betaurreko ta armairu / haur izu hura hazi egin da eta mendekua nahi du).

Gero pila bat magnifikatu da –gehiegi esango nuke nik–. Agur bat zen besterik gabe, zentzua zeukan une horretan eta leku horretan, bestelako dimentsiorik eman gabe. Momentuan zentzua zeukan zerbait zen eta jendea identifikatua sentitu da. Alde horretatik pozik nago jendeari balio izan badio eta sentipenei eta bizipenei hitzak jartzeko modu bat izan bada.

Illunbe plaza handia da. Ez du ematen normalean plazak beldurtzen zaituenik.

Asko beldurtzen nau. Jende askok esaten dit hori, ez duela ematen, agian disimulatzen ikasi dut. Saiatzen naiz itxura ematen, indartsu itxura ematen eta nire buruari sinestarazten, bestela plazak jan egiten zaitu. Orain arte gertatu bazait, Illunben are gehiago.

Tira, baina azken geltokia da, ez duzu inora iritsi beharrik, finalista berria zara... ez dirudi toki txarra. Dena alde daukazula ematen du.

Bai, uste dut baietz eta horrek asko lasaitzen nau. Ez naiz egongo txapeldun kinieletan, ez dut egon nahi, eta uste dut beste lasaitasun batetik eta beste leku batetik noala. Zarauzko finalerdian neukan lekuarekin lotzen dut pixka bat. Ez nintzen joan finalera pasatzeko derrigortasunarekin, banekien aukera txikiren bat bazegoela, baina libreago joan nintzen. Lekuak niretzat zeukan sinbolikotasuna bizkarrean hartu eta beste jarrera batekin joan nintzen. Ez hainbeste ‘txapelketan zer egin behar da, hori egingo dut’. Baizik eta ‘txapelketa hau aukera bat da nik egin nahi dudana egiteko eta baliatu dezadan’. Uste dut Illunbe ere hori izango dela, hainbeste presio eta espektatiba gabe, plazak izango duen dimentsio, edertasun eta handitasun horretan niretik uzteko eta esan nahi ditudanak esateko baliatu nahi dut.

Zortzikote interesgarria finalean.

Oso pozik nago, nahiz eta penatxo batzuk badauzkadan. Maider Arregiren pena, oso lagunak gara, konplizeak gara eta lehiatxo hori gure artean egoteak pena ematen digu bioi eta inguruko askori. Baina dagoenari heldu nahi diot eta uste dut saio oso polita geratu dela. Hor dauden askorekin abesteak ilusio handia egiten dit eta gozatu egin nahiko nuke.

25 urtez azpiko bertsolari onenaren lehian, Andoni Rekondo eta zu.

Nire beldur handiena zen finalera ez pasatzea eta txapela hori irabaztea. Iruditzen zitzaidan ‘patetikoa’ finalean publikotik altxa eta txapel hori hartzera joan beharra; ‘Txarra zara, baina gaztea, eta tori txapela’ [barrez]. Hori behintzat ekidin dut. Ez dakit, jendea akaso ibiliko da horri begira eta odol bila, baina nik ez daukat kezka handirik. Txapel hori egokitzen bada ondo, eta bestela ere ondo. Hortik aparteko plan batean noa finalera. Nire asmoak beste batzuk dira; ondo pasa, plazan kokatzen asmatu, lasai egon, gozatu, besteak entzuteko gai izan... Badakit txapel horren aukera hor dagoela, baina ez nago horri begira.

Akaso politena da finalean jokatuko dela txapel hori, 25 urtez azpiko bi bertsolari arituko zaretelako. Datu hori bada garrantzitsua.

Bai, hori bai. Eta segur aski izango da belaunaldi baten erakusgarri, ez hainbeste belaunaldi aldaketa batena. Gu berritasun bat gara, orain arte ez zegoen belaunaldi bateko bi kide sartu gara finalean, eta hori pozgarria da. Txapelketa honetan igarri da berritasun hori, lehen txapelketa genuen asko izan gara saioetan eta horren erantzun bat da finalean gutako bi egotea. Ez bakarrik txapelketan, bertso plazetan ere bagaude eta existitzen gara. Andoni eta ni izan gara, baina beste asko izan zitezkeen.