INFO

Eraso sexistak jaietako «puntu beltz bakarra» izan direla nabarmendu du Urtaranek

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, bukatu berri diren jaien balorazio oso positiboa egin du, bertan eman diren eraso sexistak «puntu beltz bakarra» direla azpimarratuta.

Urtaran eta Canto, jaien balantzea egiteko agerraldian. (GASTEIZKO UDALA)

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak agerraldia egin dute bukatu berri diren jaien balorazioa egiteko. Balantze «bikaina» jaietan izandako eraso sexistek «lausotu» egiten dutela azpimarratu dute.

Eraso horiek, hain zuzen, jaien «puntu beltz bakarra» izan direla nabarmendu du alkateak.

Urtaran pozik agertu da jaietan izan den parte-hartze maila altuagatik eta harro agertu da hiriak erakutsi duelako «jaietaz errespetuz eta inolako erasorik onartu gabe gozatzen dakiela». Herritar guztiei, baina bereziki, Neska eta Blusen batzordeari, mugimendu feministari eta udal langileei esker ona agertu die.

«Jaiak ezin dira inori eraso egiteko aitzakia izan», azpimarratu du.