INFO

Bi gizon atxilotu dituzte Donostian eta Lazkaon genero indarkeriagatik

Ertzaintzak 36 eta 49 urteko bi gizonezko atxilotu ditu azken orduetan, Donostian eta Lazkaon (Gipuzkoa), hurrenez hurren, genero indarkeriako delitu bana egin dutelakoan, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.


Segurtasun Sailak kaleratu duen prentsa oharraren arabera, lehen gertaera igande goizeko 7.15 aldera izan zen. Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola Donostiako Moraza kalean. Lekukoen arabera, erasotzaileak emakumea iletik heldu eta kaletik arrastaka eraman zuen. Bertaratutako agenteek emakumea artatu zuten, jakinarazitako erasoarekin bat zetozen markak baitzituen zangoetan. Hori dela eta, ertzainek 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero indarkeriako delitu bat egotzita.

Beste atxiloketa astelehen honetan izan da, goizaldean, Lazkaon, gizon batek bikotekide ohia den emakumeari eraso egin diolako. Goizaldeko 2.00ak jota jazo da gertakaria, Gipuzkoako udalerriko etxebizitza batean.

Emakumeak bertaratutako ertzainei adierazi dienez, erasoa etxebizitzan gertatu da eta gizonak haren gauzak bota ditu leihotik kalera. Agenteak etxebizitzara sartu dira eta erasotzailea atxilotu dute bertan, 49 urteko gizonezko bat, genero indarkeriako delitu bat egotzita.